Ttipi Txartela

«Sorginen jazarpenak erakusten digu beldurrek, aurreiritziek eta intolerantziak nora eramaten gaituzten»

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 8a

Zugarramurdiko Sorginen Museoan, bisita lehen solairuan hasten da, Ainhoa Agirrek azaldu bezala. Bertan, «esanahi handiko gune batek hartzen du bisitaria: oihan isil bat irudikatzen duten zutabe beltzek. Zutabe horietan XVII. mendeko Logroñoko autofede delakoan auzipetutako pertsonen izenak, adinak, jatorriak eta zigorrak ageri dira. Jazarpena pairatu zutenen omenezko espazioa da, hausnarketarako eta errespeturako gonbidapena».

Baina «gune honek ez digu iraganaz bakarrik solastatzen. Gaur egunera ere ekartzen gaitu, eta galdera bat planteatzen du: zer ikas dezakegu gaur gertatutako hartatik? Izenez osatutako oihan honetan barrena ibiltzean, ezinbestekoa da gogoratzea salaketen atzean egiazko pertsonak zeudela. Bizitzak, familiak eta etorkizunerako ametsak zituzten pertsonak, beldurraren, aurreiritzien eta intolerantziaren ondorioz zigortuak izan zirenak».

Sorginen jazarpena «ez zen iraganeko gertakari isolatu bat izan. Gizarte batek desberdina dena baztertzen duenean, zurrumurruak egiatzat hartzen dituenean edo boterea kontrolik gabe erabiltzen denean sor daitezkeen ondorioen adibide da».

Horregatik, «espazio hau oroimen leku bat baino gehiago da. Iraganari begiratzeko aukera eskaintzen digu, baina baita geure buruari eta gaur egungo gizarteari buruz hausnartzeko ere. Oroimenak, horrela, etorkizun hobea eraikitzen lagunduko digu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun