Bestak 2025

Ederki aldatu da Zugarramurdiko bestetako programa hogeita bortz urteren buruan

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 13a

Esposatu eta esposatu gabekoen arteko futbol partida Etxeberriko belaian, 2000. urteko bestetan.

2000. urteko besten programa ikusiz (25 urte pasatu dira!) aunitz aldatu direla ikusten da. Garai haietan oraindik lezeko gaupasa egiten zen, eta hortik bestak antolatzeko diru polita ateratzen zen.

Ondorioz, urte horretan punta puntako profesionalen arteko pilota partida elegante hau ikusi genuen: Arretxe eta Errandonea, Unanueren eta Errastiren kontra. Musika kontuan, egun ezberdinetan, noski, Tapia&Leturia eta Patxi Perez; Eskorbuto; Xiberotar kantaldia (Maddi Oihenart, Xan Mixel Bedaxagar, Niko eta Dominika Etxart, eta Errobert Larrandabürü) izan genituen.

Estilo ugari eta gustu guztietarako musika eskaintza. Herri kiroletan emazteki talde bat aritu zen (duela mende laurden!). Aspaldian ikusi gabeko ekitaldi hauek ere izan ziren: esposatuak esposatu gabekoen kontrako futbol partida (Etxeberriko belaian, argazkian); eta mozorro gaua. Urte hartan sei besta egun izan ziren: agorrilaren 14an hasi eta 19an finitu.

2000. urteko Zugarramurdiko besten programako azala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun