Bestak 2025

«Jende handia etortzen zen zikirora, baina emaztekiak ez ziren joaten ahal»

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 13a

Zugarramurdiko emakumeak lezean 1960. hamarkadako bestetan, tartean Dolores Irazoki bera, zikirolo salda dastatzen.

Dolores IRAZOKI ETXENIKE, 88 urteko zugarramurdiarra.

Herriko bestekin harreman berezia du Dolores Irazoki Etxenike, 88 urteko zugarramurdiarrak. Sortzez Lapitxekoa bada ere, ttikitatik Iriartean bizi da, lezeetatik hurbil eta bestetako harat-honatak segitzeko leku egokia da etxea. Gainera, garai batean esnetegia izaten zenez, «frigorifiko erraldoi bat izaten genuen eta bertan gordetzen genituen zikiroko piperrada, baratxuriak, tipulak… baita soberan gelditutako haragiak ere… Beti zikiroa ausarki egiten zen, nahiago izaten zuten soberan gelditzea eta hori gurera ekartzen zuten, eta gero herriko jendea etortzen zen zikiro puska baten bila edo piperrada eramatera».

Garai hartan ez zen frigorifikorik izaten etxeetan eta «guk haizearekin ibiltzen zena izaten genuen, eta zingarra ere ekartzen zuten aunitzek, bertan kontzen genituen zintzilika, ongi idortzeko. Gurina aunitz egiten genuen esnetegian, eta esne gaina bereizteko tresna ere izaten genuen, eta gero gaina eramaten genuen Elizondoko Malkorrara, baita Iruñeko gozotegietara ere… Gasna ere egiten genuen, baina guttixeago», aipatu digu Irazokik.

Dolores Irazokik besta hasierako ezkila jotzea "erretrasmititzen" dio oraindik orain Zugarramurditik kanpo bizi den herritar bati.

 

Emakumeak zikirora ez

Dolores Irazokik gogoan duenez, «garai batean, gizonak bakarrik joaten ziren zikirora, emakumeek ez genuen aukerarik, ez lanera, ez bazkaltzera… bakar-bakarrik salda eta piperrada jastatzera, hori zen aitzakia. Eta gero etxera. Ez dakit xuxen noiz hasi ziren emakumeak zikirora joaten, ez da urte aunitz. Errefetetan ere lehen gizonezkoak bakarrik joaten ziren, baina gero familia joaten hasi zen, seme-alabak joaten ziren eta gu biloba ttikiekin».

Ahate jokorako ere Iriarteko terrazatik zintzilikatzen zen soka, trofeoa ere terrazan ematen zuten, bertan bipiltzen zituzten ahateak… «Ur beroarekin barreño handi bat izaten genuen eta han bipiltzen genituen ahateak, lan handia zen. Gero, jendea aspertu zen horretaz ere eta ahatea atxematen zuenak bere horretan, bipildu gabe, eramaten zuen etxera. Lehenbizian, gazte ginenean, ahatea bizirik izaten zen eta niri pena handia ematen ninduen, lepotik bihurrikatzen zuten eta lehenbiziko tiralditik burua kentzen ez bazioten, ahateak sufritu egiten zuen, nik ez nuen ikusten ahal. Gerora hasi ziren hila ematen». Ahate jokoa pasatzen zelarik, pegarra jokoa ere izaten zuten, «begiak tapatu eta makila batekin urez betetako pegarra jo behar izaten zen. Jendeak irri puska egiten zuen pegarra hausterakoan, ura burutik beheiti, huraxe zen saria! (kar-kar)». Bestetako hondar eguna izaten zen handiena, «jende aunitz etortzen zen Saratik, Donibanetik, Elizondotik… kanpoko jende handiak etortzen ziren zikirora, baina emaztekiak ez ziren joaten ahal».

 

Andremari goizeko aurorak

Garai batean Andremari eguneko goizean, apezarekin batera, neskak aurorak kantari ateratzen ziren, «aitzineko egunetan entsaiatzen aritzen ginen eta Andremari egunean, argia hasi baino lehen ibiltzen ginen karriketan kantari, goizeko bortzetan edo beranduenez, seiak izanen ziren. Leku jakin batzuetan pausalekuak izaten genituen, bortz lekutan gelditzen ginen, eta han ere kantatu egiten genuen. Ibilaldia finitzen genuelarik, elizako dorrera goiti joaten ginen eta han ezkila jo, batto ttikia zen eta hartzeko zaila, baina bertzearen mingaina hartu eta kan-kan-kan! Erne ez zegoena ernatzen genuen».

Bestetako eta inauteetako eskerako oraindik ateak zabaltzen ditu Iriarteak: «Zer eginen dugu ba! Usaia horrela da, baina galtzen ari da. Herria ttikitzen ari da eta etxe guttitan hartzen dituzte, baina nik gustura hartzen ditut gazteak. Andremari bezperan mahai handi bat paratzen dut atean, kafea eta edari eta jateko pintxo batzuk ematen ditut eta horrelaxe! Gure denboran zakarkeri gehiago egiten zituzten orain baino. Ni haurra nitzelarik, etxeetako baratzetan sartzen ziren kioskoa apaintzeko loreak hartzera eta baratze guztia xehatzen zuten. Orduan, nire amak erran zien ez etortzeko, berak pikatuko zituela loreak eta emanen zizkiela. Kioskoa aski polita uzten zuten, adar berde batzuekin, loreak lotuak…».

Gaur egun ere goxatzen ditu bestak Doloresek. «Egunero ateratzen naiz eta ahal badut joaten naiz. Zikiro egunean ere, badugu usaia joateko». Bitxikeria moduan, Dolores Irazoki urtero besta hasierako ezkila jotzea “erretrasmititzen” omen dio telefono bidez herritik kanpo bizi den zugarramurdiar bati: «Bai, halaxe da, ilusioa egiten dit eta telefonoa hartzen dut, berak ere aditzeko, horrela tirria sartzeko eta etortzeko lehenbailehen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun