Sarako Eskutik kooperatibako kideek larunbat goizean aurkeztu zuten xistera berria Lur Berri gelan. Berritxu sortzeko bidean bidelagun izan dituzten enpresa eta kooperatibetako kideak izan zituzten ondoan, baita xisteragileak eta pilotagileak ere, pilota federazioetako eta elkarteetako ordezkariak, instituzioetako kideak, dantzariak, bertsolari eta musikariak…
Duela hamar urte Eskutik enpresa –gaur egun kooperatiba– abiatu zuen Ellando Alfarok hartu zuen hitza, eta hamar urte hauetan egindako bilakaera esplikatu zuen. Horrekin batera, azken asteotan pilotaren langintzari buruz elkarteekin, federazioekin eta enpresekin bildu direla eta etorkizun laburrean dinamika bat abiatuko dutela kontatu zuen: «Momentuan ofizio honetatik modu duinean bizitzea posible ez denez, xisteragile eta xistera falta nabarmena da. Lehengaiak eskuratzeko edo transformatzeko transmisio falta ere kezkagarria da; baina egoera iraultzeko ideiak mahai gainean paratu dira: sor marka baten aukera, formazio eskolen eratzea…». Ondoko hilabeteetan gaia esku artean hartzeko beharra ere aipatu zuen: «Kirolaz eta aisiaz haratago, kulturaz, identitateaz eta ekonomiaz ere ari baikara».
«Kirolaz eta aisiaz haratago, kulturaz, identitateaz eta ekonomiaz ari ere ari gara»
Horiek kontatuta, Berritxu izan zen eguneko protagonista. Berrikuntzaren zergatia, erabilitako teknika, elkarlan prozesua eta tresnaren abantailak bideo batean azaldu zituzten. Abantailen artean, hauek dira: «Xistera tradizionaletan uztaia haustean, xistera ezin izaten da konpondu baina Berritxuren kasuan, uztaia hautsiz gero, aldatzen ahal da. Zumea ehuntzeko denbora guttiago behar da, eta aipatu arrazoiengatik, konponketak errazagoak eta merkeagoak dira. Tradizionalarekin konparatuz, prezio erdia baino guttiago balio du: 300 euro + BEZ». Bideoaren ondotik, Eskutik kooperatibako kidea den Frantxix Karrikartek hitza eman zien xistera egiteko bidean lagundu dieten Txirbil kooperatibako Aitzol Telleriari eta Elkar ingeniaritza enpresako Erik Etxarteri. Lehena egurraren ezaugarriez aritu zen, eta bigarrenak planoak egiterakoan izandako erronkak aipatu zituen.
Eta azkenean, Sarako dantzariek agerrarazi zuten Berritxu xistera berria. Hala ere, xistera egiterakoan erabili duten teknika ez dute beraientzat atxiki nahi, eta halaxe azpimarratu zuen kooperatibako Oier Oak: «Bide bat hasten dela sentitzen dugu. Abiapuntu bat baino ez dela. Teknika berri hau ez dugu guretzat atxiki nahi. Ez dugu patentatzeko asmorik. Pilota munduaren eskura jarri nahi dugu. Orain arteko elkarlanaren bidetik, bidelagun berriak egin nahi genituzke. Gainera, xistera bera hobetzeko eta ekoizpen prozesuak errazteko ere tartea badela pentsatzen dugu».
«Udan elkarteek Berritxu probatzeko aukera izanen dute»
Bukatzeko, Amets Arzallusek bertso pare bat kantatu zituen eta Claire Grillard Eskutik-eko kideak eskerrak eman zizkien bildutakoei. Hitzordua borobiltzeko hamaiketakoa egin zuten eta Kostakoak eta Luzean elkarteetako pilotariak partidua jokatu zuten plazan. Adierazi dutenez, «udan elkarteek Berritxu probatzeko aukera izanen dute eta irailetik aitzinera eskaerak egiten hasi eta ekoizteari ekiteko asmoa dugu».
Bertzalde, aurkezpenaz gain, Lur Berri gelan, erakusketa ere paratu zuten: Alki kooperatibako aulkiak, Txirbil kooperatibaren egurrezko bizikletak, Xabi Luberriaga luthierraren gitarra eta Elkar enpresak egindako diseinuak pantailan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!