Hamar urte pasatu dira Ellande Alfaro pilotak egiten hasi zenetik. Sarako Urtxola jatetxearen gaineko aldeko atelierrean hasi zen, eta huraxe izan zen Eskutik proiektuaren abiapuntua. Egindako bidea ez da alferrik izan eta horren erakusle da izan duen hedapena: sei laguneko lantaldea biltzen duen kooperatiba da gaur egun, eta astean ehun bat pilota egiteaz gain, xisterak egiten dituzte. Gainera, Urtxola jatetxeko atelierraz gain, Plazidako bidean bertze bat ireki dute; hori ere Saran. Hantxe hartu du TTIPI-TTAPA Oier Oa Eskutik kooperatibako kideak.
Hastapenean, enpresa ttiki bat zena, 2022an bihurtu zuten kooperatiba. Bertzeak bertze, «jakitatea berreskuratzeko eta transmisioa segurtatzeko». Eta gaur egun Ellande Alfaro, Thierry Lopes Etxepare, Claire Grillard, Frantxix Karrikart, Alex Sanchez Gartzia eta Oier Oa dira kooperatibako artisauak. Alfarok Lukugarai pilotagileekin ikasi zuen pilotak egiten, eta agudo bildu zen bere ondora 30 urtez pilotagile aritutako Martine Ursuegi, gaur egun erretretatua. Xareak eta eskularruak egiteko jakitatea beraien baitatik ikasi dute «ikertuz, tresna zaharrak ikusiz eta artxiboetakoa berreskuratuz, aitzineko belaunaldiko nehor ez baitzen ikasteko». Xisterak egiten, berriz, Usurbilen ikasi dute, Lopetegirekin.
«Zesta-puntako xistera falta ikusirik, xistera berria egin dugu»
Urteotan, «pilotekin egonkortzea lortu» dutela dio Oak, baina burua beti martxan, esku artean dituzten erronka hauei erantzuteko: «xisteren hutsunea bete, transmisioa segurtatu eta langintza duindu». Horretan ari dira eta justuki, zesta-puntan dagoen xistera falta ikusirik, xistera berria sortu dute, «merkeagoa, hain hauskorra ez dena, eta teknikoki xistera tradizionalaren heinekoa».
Xirrist tresnatik xistera berrira
«Kontent» daude landu duten zesta-puntako xistera berriarekin: «Dozena bat prototipo egin ditugu eta pilotariak sentsazio baikorrarekin gelditu dira». Haurrekin paratuko dute martxan, «baina teknika baten abiapuntua izaten ahal da. Teknika hau hobetzen eta sakontzen ahal da, eta zergatik ez, helduentzat egin. Pilota munduaren zerbitzura jarri nahi genuke, denen artean hobetzen segitzeko».
Duela bi urte beraiek sortutako Xirrist tresna du oinarrian xistera berriak: «Ipar Euskal Herriko Ligakoek eskatuta, ikerketa lan bat egin eta egurrezko laminazio teknika batekin, haurrentzat joko garbirako xistera berri bat egin genuen, ordura arte zituzten plastikozko tresnak ordezkatuz. Hori da Xirrist tresna, ainitzez ordu gutiagotan egina, eta beraz, prezio apalagoan. Emaitzarekin kontent dira eta zabaltzen ari da».
Hortik abiatuta, «hurrengo urratsa zesta-puntako xistera» izan zen: «Teknikak xistera munduan dagoen zuloa estaltzeko balio izaten ahal zuela pentsatu genuen. Gainera, zesta-puntan bada pilotari kopuru handi bat eta hori bazen motibo puntua». Pentsatu eta ekin. Xirrist tresnaren teknikatik abiatuta hasi ziren «baina pilota hartzerakoan, barnean punpa egiten zuela ohartzen ginen, eta ez zuela balio». Urte bat eta erdiko lanaren ondotik atzeman zuten bidea, «xistera tradizionala eta laminazio teknika» uztartuz: «Pilotak, ezinbertzean, zumean behar zuen lekua zein zen ikusi genuen, hau da, erdiko bortz saihetsen lekuan behar zuela, eta beraz, bazterrak eta puntak laminazio bidez egiten ahal genituela ikusi genuen». Hala egin zuten: «Ez da inondik inora tradizionala ordezkatzeko sortua, haren osagarri baizik».
«Xistera berria ez da inondik inora tradizionala ordezkatzeko sortua, haren osagarri baizik»
Xistera berriarekin «kontent», ekainaren 14an aurkeztuko dute Sarako Lur Berri gelan, 10:30ean. Sortze prozesuan bidelagun izan dituzten hainbat enpresa, artisau eta pilota munduko jendea izanen dute ondoan. Eta horiekin batera, Sarako dantzariak, Amets Arzallus bertsolaria… Halere, «ateak denei irekiak izanen dira eta nahi duen oro etortzen ahal da».
Abantailak
Zesta-puntako xistera tradizionalen aldean, abantailak ditu berriak: «Tradizionaletan uztaia hausten bada, dena botatzen da. Xistera berri honekin, uztaia hautsiko balitz, hori bakarrik aldatu beharko litzateke». Horrez gain, «ez da hain hauskorra eta konponketa gutiago behar ditu». Eta bertze abantaila prezioa da: «Tradizionalaren denbora erdia behar du egiteko, eta beraz, aise merkeagoa izanen da».
Lehengai naturalak eta ahal dela hurbilekoak izatea ere bada Eskutik kooperatibaren ideologiaren parte. Eta xistera berria «lehengai naturalekin egindako kalitatezko tresna» dela erran du. Lehengaiak hurbilekoak izaten ere ahalegindu dira: «Oihaneko lana guk egiten dugu, oihanera joan, gaztainak moztu eta egurra hemen transformatzen dugu. Bertze xisteragileek Salamancan transformatutako egurra erosten dute eta hortik abiatzen dira lantzeko». Hala ere, dena hurbilekoa izatea ezinezkoa omen da: «Zumea, konparazione, Txiletik lortu dugu. Frantziako eta Espainiako zumearekin entseatu gara, baina xisterentzat ez dira egokiak». Eta larruarekin arazo bera dute: «Pilotetarako larrua ekoizten eta transformatzen dutenak guti dira, eta ditugun biak erretretan. Horietako baten semea badirudi segida hartzeko prest dela, baina ez da ziurra. Frantzian bertze batzuekin entseatu gara, baina ez dugu lortu. Denon artean horri ere aterabide bat eman beharko diogu».
Elkarlanerako deia
Piloten salmentari dagokionez, «bezero nagusiak Lapurdin, Zuberoan eta Baxenabarren» dituztela kontatu du Oak: «Bertze eskualdeetan ere badira pilotagileak, eta entseatzen gara bakoitza bere eremua errespetatzen. Halere, herrialde guzietatik heldu dira eskaerak, batez ere trinketeko pilotenak, bertze herrialdeetan ez baitira hainbertze horretan aritzen». Xisteren eskaerak, ordea, «Euskal Herri guzitik» hartzen dituzte.
«Lehengai aldetik, pilota mundua hari batetik zintzilik dago»
Baina zaila da xisteren eskaera guziei erantzutea. «Guti goiti-beheiti, ikasturte honetan Euskal Herrian mila bat lizentzia dira xisterekin jokatzeko, eta lizentzia horietan ez dira sartzen 12-13 urtetik beheitikoak. Euskal Herriko xisteragileen gaitasuna kontuan hartzen badugu, mila nekez eginen dira urtean». Honela gaineratu du: «Xisteragile guziak kasik erretretan dira, edo erretretatzetik hurbil. Jendeak ez du aitzinekoek lan egin duten manera berean segitu nahi: ordu ainitz lanean, deklaratu gabe, bakantzarik gabe… Baldintza horietan, normala den bezala, nehork ez du ari nahi?». Duintasuna nahi du: «Langintza honek dagokion duintasuna izanen balu, jendea ofizio honetan hasteko motibatuko litzateke. Militantziak bere lekua baduen arren, militantziatik nekez bizitzen ahal da». Gehiago ere bai: «Lehengai aldetik, pilota mundua hari batetik zintzilik dago. Badira pilotariak, badira frontoiak eta plazak, baina tresnak falta dira».
«Euskal Herri mailako dinamika bat abiarazi nahi genuke»
Arazoari aterabidea bilatzea «baitezpadakoa» dela iritzita, «elkarlanaren beharra» aipatu du. Helburu horrekin jo dute Euskal Herriko pilota federazioetara eta elkarteetara: «Bilera erronda egiten ari gara langintza honen egoera zein den ohar daitezen. Momentuz, harrera ona izan dugu eta denon artean Euskal Herri mailako dinamika bat abiarazi nahi genuke». Onartu du «formazio eske» joan izan zaiela jendea, «baina ikusiz zenbat ordu behar den ikasteko, eta zenbat pertsona beharko liratekeen behar diren xistera guziak egiteko, bakarra formatzearekin ez dugu arazoa moldatzen. Ezin dugu dena gure gain hartu». Hortaz, «plan estrategiko bat» galdegin du, «eskola proiektu bat. Eta hor gure jakitatea erakutsiz ekarpena egiten ahal genuke, transmisioa segurtatu». Ez hori bakarrik: «Sor marka bat sortzeak langintza duintzea ahalbidetuko luke, jendea ofizio honetara erakarriz».
Elkarlanaren bitartez, belaunaldiz belaunaldi transmititu den pilotako eskulangintza honek gaur egun duen egoerari buelta emateko moduak badirela sinetsita daude Eskutik kooperatiban. «Ez dugu ikasturte batetik bertzera eginen, baina epe laburrean edo ertainean bai. Erabaki politiko bat da eta egiten ahal da».