Larunbat honetan, maiatzaren 24an, hitzordu handia dute Zugarramurdi, Sara, Urdazubi, Etxalar, Bera eta Ainhoako herritarrek. Mugakideak diren sei herriak Herri Haitada egunean bilduko dira Zugarramurdin. Hasmentako helburu berarekin, hirugarren aldiz antolatu dute: «inguruko herrien arteko harremanak indartu eta sustatu» nahi dituzte, «inposatutako mugak gaindituz eta euskara bultzatuz». Halaxe esplikatu dute Julene Arburua Fagoaga eta Kote Agerre Indaburu zugarramurdiarrek. Aurtengo edizioaren antolaketan buru-belarri ari den lantaldeko kideak dira.
«Herrien arteko harremanak indartu eta sustatu nahi dugu»
Julene ARBURUA eta Kote AGERRE, antolatzaileak
Bortz urteko geldialdia
2018an egin zuten lehen aldikoz Herri Haitada Saran. Sarako errugbi taldea izan zen bidea ireki zuena, eta «arrakasta izan zuela ikusirik, hurrengo urtean, 2019an, Ainhoan egin zuten». Geroztik, ordea, «pandemia eta bertze arrazoi batzuengatik», alde batera utzia izan dute, zugarramurdiarrek lekukoa hartu duten arte: «Joan den urteko azaroan egitea pentsatu genuen, baina azkenean dataz aldatu behar izan genuen». Urte hasmentan hasi omen ziren antolatzen, eta kontatu dutenez, «hasmentan martxa hartzea kostatzen da, baina jendea inplikatzen dela ikusita, gauzak errazago egiten dira. Gainera, hirugarren edizioa denez, herritarrek badakite zer den eta zer martxa izaten den eta, jendea mugiaraztea errazagoa izan da». Hala ere, aitortu dutenez, «herrian probetan eta aldi berean txandak egiteko jende aski ez garenez, gainerako herrien laguntza eskatu behar izan dugu».
Egun osoko ospakizuna
Aitzineko bi edizioek utzitako «oroitzapen politak» gogoan dituzte: «Sei herri aski diferenteak gara, baina Herri Haitada egin zen urteetan aski giro polita eta sanoa sortu zen denon artean». Hala izatea nahi dute hirugarrenean ere, eta «egun osoko ospakizuna» prestatu dute. Goizean goizetik sei herriak lehian ariko dira hainbat jokotan eta probatan: bertsotan, dantzan, bote luzen, lasterka, egur pilatzen, ingude altxatzen, sokatira, sukaldaritzan, musean, arpanean, kultur quizz proban eta bizikletan. Deskantsurako tarte handirik hartu gabe, «ordu guziz jokoren bat izanen da eta jateko eta edateko aukera ere bai. Arratsean afari goxoa izanen da denondako eta eguna finitzeko musika eta besta pitta bat. Beraz, ez dugu aspertzeko astirik izanen!».
Herri bakoitzaren bereizgarri, bakoitza bere kolorea soinean aterako da: «Zugarramurdiarrok kamiseta arrosa jauntziko dugu, saratarrek xuria, beratarrek urdina, urdazubiarrek gorria, etxalartarrek laranja eta ainhoarrek berdea». Taldekide kopuruari dagokionez, Arburuak eta Agerrek argitu dutenez, «ezin da zehazki jakin, herri batzuetan pertsona batek proba bat baino gehiago egiten dituelako, baina guti goiti-beheiti 60 bat parte hartzaile izanen dira herri bakoitzean; nahiz eta posible den gehiago izatea». Hala ere, herrien arteko lehia guttienekoa izanen da, horren gainetik, «ongi pasatzeko eta elkarrekin momentu goxoa pasatzeko» eguna izatea nahi baitute, «beti ere denontzat gune erosoa eta indarkeriarik gabea».
«Espero dugu urte luzez Herri Haitadak irautea»
Julene ARBURUA eta Kote AGERRE, antolatzaileak
Herria bizirik mantentzeko
Gisa honetako egunen garrantzia ere aldarrikatu dute Agerrek eta Arburuak. Alde batetik, «Herri Haitadak elkar ezagutzeko aukera» eman diela azpimarratu dute: «Gaur egun herri batzuekin harremana mantentzea zaila da eta holako ospakizunek aukera ematen dute jendea kulturaren eta kirolaren inguruan elkartzeko». Hala, holako egunak «aski beharrezkoak» direlakoan daude, «batez ere, herritarrak auzolanaren bitartez elkartzen garelako eta egunean berean sortzen den giroagatik. Herri Haitadako egunaz gain, herritarrak probak prestatzeko elkartzen dira eta hori ere aipatzekoa da». Honela gaineratu dute: «Herri Haitada bezalako ekitaldiek eragin handia dute herri ttikietan, halako egunei esker hainbat adinetako jendea elkartzen garelako eta herria bizirik mantentzen delako. Beraz, espero dugu urte luzez horrelako ekitaldiek irautea».
Egitaraua
*Egun osoan musika, jatekoa eta edatekoa izanen dira. |
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!