«Hurbil baina batzuetan urrun ikusten ditugun herriekin harremana izatea aberasgarria da eta besta giroan bada, aunitzez hobeki! Herri Haitadarekin, giro polita sortu da herrian, lehen momentutik jende andana animatu zen. Entrenatzeko ere gelditu izan gara eta polita da hainbat adinetako jendea holako ekimen baterako elkartzea eta plazan bizia sortzen dela ikustea. Aurten, kirol probetan adibidez, nesken presentzia handitu da eta aunitz pozten nau horrek. Ea hemendik aitzinera gero eta gehiago garen!»
«Herrien artean harremanak egiteko edota mantentzeko ekimen aski polita da. Edozeinek parte hartzeko moduko probak dira eta aitzakia horrekin, besta egun ederra izanen da. Segur aski herrien arteko pike sanoa sortuko da. Batetik, herritarrei animatzeko erran nahi diet, egunaz gozatzeko. Eta bertzetik, Zugarramurdiri eta antolakuntzan buru direnei eskerrak eman nahi dizkiet. Eguna berreskuratzeko egin duten lana izugarria da. Orain mantentzea denon esku dago. Ea segitzen dugun!».
«Aski polita eta funtsezkoa da holako guneak sortzea, gehienbat gure hizkuntzaren eta nazioaren kontzientzia piztua mantentzeko eta aitzinera segitzeko; kontzientzia pixka bat itzalia sumatzen dut, eta hizkuntzari dagokionez, egoera kezkagarria da. Ongi da hizkuntza jakitea edo ikastea, baina erabiltzen ez bada ez du deusetarako balio. Gainerakoan, ardura handia da Herri Haitada herrian antolatzea, baina aldi berean, kristoren ilusioa sortu du herrian. Euskara ahoan, hurbildu dadila jendea».
«Ideia sinple batetik sortua da Herri Haitada: denek elkarrekin, euskararen inguruan, egun oso bat partekatzeko. Herrien arteko dinamika eta loturak atxikitzea nahi dugu, baita gazteen eta zaharren arteko lotura mantentzea ere. Hainbat erronka prestatu ditugu, eta denak prest dira beraien koloreak defenditzeko, beti ere izpiritu onarekin. Espero dut egun polita pasatuko dugula, euskara beti lehen planoan emanez eta inposatutako mugak gaindituz».
«Azken hamarkadetan pixka bat bizkarra eman diogu Iparraldeari eta gehiago bizitu gara Gipuzkoara begira. Baina gure harreman naturala herri horiekin izan da. Horregatik polita eta hagitz beharrezkoa iruditzen zait halako egunak antolatzea, bertzeak bertze, denak elkartzen gaituen euskararen bueltan eta nazio eraikuntzaren ikuspuntutik harremanak izateko. Lehia aitzakia hutsa da, eta probetan parte hartu edo ez, ea animatzen den jendea».
«Herri Haitadaren inguruan hiru dira motibatzen nauten hitz gakoak: auzolana, mugak haustea eta euskara. Auzolanean egindako proiektua da, eta aldi berean, argi ikusten da mugarik ez dagoela eta herri guziak lotzen gaituena euskara dela, gure aitatxi-amatxien hizkuntza. Momentu horiek behar dira baliatu, ez baititugu holako ainitz izaten. Jendea gogoarekin dago, lehia polita izanen da, dena euskaraz, eta egun goxoa pasatzeko aukera ederra».