Inauteak 2025

«Belaunaldiak aldatzen diren bezala, ohiturak ere moldatu behar dira»

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 28a, 11:00

35 urteko neska «bestazale eta saltsero samarra» da Marijo Etxeberria urdazubiarra. Gaur egun herritik kanpo bizi bada ere, ez du hutsik egiten Urdazubiko inauteetan; «betitik gustatu izan zaizkit eta ilusio haundiarekin bizitzen ditut. Hiru egun intentso izaten dira, ordu aunitz lagun artean, musikarekin, dantzan, irriak… sortzen den giroa berezia da, eta xarma berezia dute niretako».

Ttikitako inauteen oroitzapen onak ditu; «eskolan ortziralarekin egiten genuen gure besta. Orduan jantokirik ez zenez, etxetik prestatutako gauzak eramaten genituen eta lagun artean bazkaltzen genuen. Gero, aitzineko asteetan geronek egindako mozorroak jantzi eta herrira joaten ginen, eta han musika eta txokolate beroa izaten genituen». Bestak asteburuan izaten zuen segida; «igande arratsaldean herriko ostatura jausten ginen mozorrotuak, eta gazteak ailegatzean musikarekin dantzan aritzen ginen».

Horrez gain, Urdazubin haurrak ere etxez etxe eskean ibiltzen dira, «eta ni ere hala ibilia naiz. Bederatzi urterekin ttikien taldean hasi nintzen eta 16 urtetan gazteen taldean sartu nintzen».

Ohiturak eguneratuz

Azaldu duenez, denborarekin «aldaketak izan dira, eta izanen dira. Beharrezkoak baitira ohiturek bizirik segi dezaten. Adibidez, orain dela aunitz urte, mutikoak bakarrik ibiltzen ziren eskean. Urte batez herriko neskak ere eskean hasi ziren, eta haiek egindako bideagatik, ondorengo neskek ere eskean ibiltzeko aukera izan dugu». Horrez gain, «lehen, ezkondu ondotik, ezin zen eskean parte hartu, eta hori ere azkeneko urteetan aldatu den zerbait da».

«Bertze aldaketak» ere izan dituzte inauteetan; «hiru egunetako ibilbide eta egitaraua ere desberdina da orain, asteartea arrunt apal gelditzen zela ikusi baitzen. Belaunaldiak aldatzen diren bezala, ohiturak ere moldatu behar direla pentsatzen dut, bertzela galduko baitira».

Herrikoak beti bereziago

Herritik kanpo bizitzea ez da aitzakia Etxeberriarentzat, Urdazubiko inauteak «egutegian ongi seinalatuak» baititu; «ahal dudan guzia egiten dut lanean eta etxean opor hartzeko eta inauteetara joateko. Oraingoz eskean ibiltzeko lagunak hor ditut eta gustura ateratzen naiz».

Aitortu duenez, «nire adintsukoak falta ditudan egunean lekuz kanpo sentituko naizela pentsatzen dut, eta orduan izanen da uzteko momentua». Hala ere, «inauteen seinalea bertze modu batean egiten segitzea gustatuko litzaidake. Egia da gure herrian gehienbat gazteei lotutako besta dela, eskean ibiltzen ez direnendako ez baitago ekitaldi berezirik. Baina horri buelta eman nahiko nioke, herritar guziak bestan parte hartzera anima daitezen».

Izan ere, «sortzen den giroa, denok elkarrekin egotea, musika, dantza, kantua, egoera irrimangarriak… besta bereziak dira inauteak. Urte guzian ikusten ez dituzun pertsonekin egoteko aukera ematen dute, gehienbat etxeetako adineko jendea. Aitatxi amatxiekin mintzatzea, beraiei gazteen berri ematea, kantu zaharrak kantatzea… aski giro polita sortzen da, irri aunitz egiten ditugu eta alaitasuna nabaria izaten da».

Bereziki nahiago duen jarduerarik ez badu ere, argi du «etxez etxeko eskea Dantxarineko bentetan ibiltzen garenekoa baino gehiago gustatzen zaidala. Etxe bakoitzak bere berezitasuna du eta hango jendearekin dugun hurbiltasuna politagoa da». Egun bat aukeratzekotan, berriz, «lehenbizikoa. Jendea fresko eta gogoarekin egoten da. Egunak pasa ahala nekea nabaritzen hasten da».

Mozorroak ere inautearen parte haundia dira, hortaz, azken urteetan gai bat aukeratzen dute herritar guziak mozorrotzeko. «Denetik ikusten da, beti bada norbait bere mozorroari originaltasun bereziren bat ematen diona». Etxeberriari dagokionez, «ez naiz sormen haundikoa eta etxean ditudan jantziekin gaiarekin lotura duen zerbait sortu eta horrekin ateratzen naiz». Duela bi urte 'baserria' izan zuten mozorroen gaia, «eta aunitz gustatu zitzaidan urte hori. Aitatxi-amatxiren arropak berreskuratu eta horiekin mozorrotu nintzen».

Etxeberria (ezkerrean) inauteetan musika jotzen.

Inauteak bizitzeko hamaika modu

Bi haurren ama da Etxeberria, baina, guraso izanagatik, «ez dut desberdintasun haundirik sumatu Urdazubin ateratzean. Herrian biziko banintz, haurrek ere parte hartze haundiagoa izanen lukete eta orduan inauteetako egunen antolaketa desberdina izanen litzateke. Egia da, nahiz eta guttitan faltatu, huts egin ditudan urteak haurrak ttikiak zirelako izan direla».

Hala ere, «inauteak haurrekin bizitzea ere aski polita da: mozorroak prestatu, eskean pasako diren gazteendako jatekoa egitea, gazteek zirikatzen dituztelako sentitzen dituzten nerbio eta beldur horiek… haurrei Urdazubiko ohiturak erakusten saiatzen naiz, eta aunitz gustatuko litzaidake, adina ailegatzean, beraiek ere Urdazubiko inauteetan parte hartzea».

Horrez gain, musikari gisa ere atera da herrian; «trikitixa eta pandereta jo izan dut Jaionerekin batera gazteen taldean. Erranen nuke 6-7 urtez aritu ginela, eta hor ere gustura ibiltzen ginen. Polita da egiten duzunarekin inguruko jendea disfrutatzen ikustea». Hala ere, «ardura pixka bat gehiago ere izaten da; musikariak bertzeekin batera gaude, alkohola tarteko, eta kontrol pixka bat ez baduzu, kasu!».

Baina, «dudarik gabe, musikak garrantzia haundia du edozein bestetan eta are gehiago inauteetan. Ez ditut musikarik gabeko inaute batzuk imajinatzen; sortzen duen saltsa, jendea zirikatzeko modua… joko haundia ematen du, eta momentuak aunitz aberasten ditu. Musikariek alimaleko lana egiten dute jendea animatu eta giroa sortzen».

Azkenik, «eskerrak eman nahi nizkieke etxeko atea irekitzen diguten guziei. Beraien borondaterik gabe, ohitura galduko zelako. Aldi berean, aunitzetan eskean berandu ibiltzen garelako, barkamena. Saiatzen gara tenorez ibiltzen baina…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun