Ione Zozaia zugarramurdiarra kide duen Kilimak taldeak disko berria karrikaratu du

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 6a, 18:00

Kilimak taldeko Ione Zozaia zugarramurdiarra eta Agus Garmendi hernaniarra.

Kubatar erritmoekin jantzi du zortzi kanta biltzen dituen ‘Irrikitan’ diskoa

Kilimak taldearen musika latinoa bueltan dago Irrikitan (Baga Biga) diskoarekin. Lan honetan, soinu eta mezu berriak uztartu ditu bandak, Kubako doinuei garrantzia handia emanez eta Euskal Herriko Runba aitzineko diskotik urrunduz, bai estiloen aldetik bai mezuaren aldetik, euskara eta gaztelania nahasten dituzten kantekin.

Taldekideek joan den ortzegunean aurkeztu zuten Irrikitan Bilboko Bira Kulturgunean. Diskoa osatzen duten zortzi abestiak 2024ko irailean eta urrian, Paxkal Etxepareren Ipar Euskal Herriko estudioan grabatu dituzte. Zugarramurdin ere grabatu zuten bideoklipa.

Taldekideek onartu dute estiloan eboluzio bat egon dela. Euskal Herriko Runba debuteko lana «rumberoagoa» izan zen, eta ‘Irrikitan’ diskoan doinu latinoak eta soinu elektronikoak sartu dituzte, «runba atzean utzi gabe», Ione Zozaia zugarramurdiarrak adierazi duenez. Soinu- eta erritmo aniztasun hori diskoa osatzen duten zortzi kantetan islatzen da. Baita ere mezuen aldetik. «Lehenengo diskoak ironia eta kritika sozial gehiago zeukan. Disko hau, ordea, bi hitzetan deskribatuko nuke: maitasuna eta bizitza. Bai norberaren bizitza, bai ondokoena, bai gure buruarekiko maitasuna, bai ondokoekikoa», laburbildu du Zozaiak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun