Sarako kirol bizitza gehien bat pilotarekin eta errugbiarekin lotzen badugu ere, Larrondek aipatu digunez, «ez pilotan, ezta errugbian ere, bizikletan baino lehen futbolean eta eskubaloian aritzen nintzen. Konfinamenduan amarekin eta arrebarekin hasi nintzen mendian bizikletan, 2021ean. Gero, Covidarekin ez nekien eskubaloi partidak jokatzeko modurik izanen genuen edo ez eta lagun batek eta biok Senpereko klubean bizikletako lizentzia egin genuen. Horrela hasi ginen, 2022an VTT edo mendi bizikletako lasterketak egiten. Pirinio Atlantikoetako VTT taldean sartu nintzen gero, Frantziako kopa egiteko. Aita, Pascal Larronde zen nire entrenatzailea hastapenean eta duela urtebetetik honat Ahurtiko Christophe Gigi dut entrenatzaile».
«Pistako eta errepideko txirrindularitza, biak berdin maite ditut»
Kanadako Tour de l'Abitibi itzulian erakustaldi handia eman du saratarrak bere astebeteko lehen proban, hiru etapa (bat kronoa) irabaziak, baita sailkapen nagusia eta puntukakoa…: «Izugarria izan da bai eta biziki kontent naiz –dio–. Kasik dena eraman dut. Egia da azken etapara minutu bateko aldearekin nintzela, baina 50 kilometro falta zirela, atakatzeko aukera ikusi nuen. Sailkapeneko bigarrenarekin ihes egin nuen eta bi minutu baino gehiagoko aldea atera genion hirugarrenari. Nazioko kopako lasterketa bat zen, baina egia da ez zirela nazio guztietako txirrindulariak joan Kanadara».
Motor handikoa
Motor handiko txirrindularia omen da, «kronoak dira nire espezialitatea. Pistan pertsekuzioan aritzen naiz. Sprintean ona naiz, baina ez dut aukerarik izan sprint handirik egiteko, bakarrik edo talde ttikietan ailegatu bainaiz. Motor handia dutela badakit, baina orain lasterketatan estrategia falta zait. Motorraren garapena eta estrategia landu behar dut». Hobetu beharreko bertze ezaugarrien artean, berriz, mendi handietako igoerak: «Mendian ibili naiz VTTan, baina egia da errepidean mendi handietan hobetu beharko nukeela, badut lan handi bat egiteko. Kontuan hartu behar da mutil handia naizela, pelotoiko pisuenetakoa naiz, 70 kilo ditut, eta txirrindulari arinagoak ni baino hobe moldatzen dira mendi horietan». Aurten sasoi ederra egiten ari da, Akitania Berriko txapeldun, Primevere Montoise eta Gedimat lasterketak, Tour de l'Abitibi…: «Pistan hasi naizelarik, Frantziako txapelketan lehen bortzetan izatea nuen helburu, kronoan eta errepidean. Errepidean zazpigarren egin nuen eta kronoan laugarren, beraz, helburua lortu dugu. Orain, nazioko kopako lasterketa bat irabaztea sinestezina da».
«Kronoak eta sprintak dira nire espezialitatea, baina ez dut aukerarik izan sprint handiak egiteko»
Mathieu Van der Poel eta Oier Lazkano idoloak
Etorkizun handiko txirrindularia dela diote adituek eta Larrondek aipatu digunez, «profesionala izateko proposizio bat badut heldu den urterako, baina ez dakit oraino hori niretzako ona den edo bertze urteren bat egin beharko nukeen Development edo garapenerako ekiparen batean». Gaur egungo txirrindularien artean, «Mathieu Van der Poel da nire idoloa, baina Oier Lazkano ere oso maite dut. Euskalduna da eta oso ona da klasiketan, egun bakarreko lasterketetan, baina ongi pasatzen ditu mendate handiak ere. Gainera beti atakatzen ibili da Frantziako Tourrean».
Kanadan errepideko garaipen handia lortu ondotik, agorrilean pistan aritu da saratarra, agorrilaren 21etik 27ra pistako munduko txirrindularitza txapelketa jokatu baita Txinan eta Frantziako selekzioarekin aritu da. Txinatik bueltan, Sarako bestak gainean ditu, baina ez du ospatzeko aukerarik izanen: «Mundialaren ondotik oraindik denboraldia bukatzeko bertze probaren bat prestatu behar dut eta horretan enfokatu behar dut, aurten ez dut Sarako bestetara etortzeko modurik izanen». Hori bai, «biziki maite» ditu Sarako bestak eta «gustukoa dut lagunekin egotea eta igandean desfilatzea».