Sarako bestak hurbiltzen ari dira, eta, Bostanka Sarako kolektibo feministak, Herriko Etxeak eta besta komiteak gogoeta bat eraman dute, bestetan, herria toki segurua eta atsegina izan dadin. Honela, prebentzio lana egiteko, borroka feminista bisuala izanen da Sarako bestetan. Herri sartzean, banderolak emanen dira, paretetan afixak eta protokoloa kolatuak, larunbat arratsean informazio mahai bat atxikiko du Bostanka kolektibo feministak, eta, ostatu eta kontzertu gunean erasoen kontrako audioak entzunen dira.
Bostanka kolektibo feministak, besta komiteak eta herriko etxeak protokolo bat martxan eman dute eraso bat balitz biktima laguntzeko. Herriko ostatu eta elkarteek ere babesa erakutsi dute.
Bostanka kolektiboak PAF! Baionako talde feministarekin formakuntza bat segitu du biktima nola lagundu ikasteko. Herrian toki bat izanen da eraso bat balitz biktimari behar den laguntza emateko.
Kantaldi feminista astelehenean
Astelehen arratsaldean,19:30ean emazte askeen kantaldi feminista antolatu du Bostanka kolektiboak, problematika plazara atera eta agerian emateko, Isilik egoteko sortuak ez gara, aske bizi nahi dugu, xorien gisara goiburupean. Kantu feministak kantatuko dituzte, eta parte hartu nahi duen oro ongi etorria izanen da. Kantu liburuxkak izanen dira denek elgarrekin kantatzeko.
Jarrera desegoki, indarkeria edo agresio oro gaitzetsiko dute, beraz, Sarako bestetan ere: «Saran, indarkeriarik ez, arrazismorik ez, homofobiarik ez, sexismorik ez!».