Akelarre Elkarteko kidea denez, bestak antolatzen aritzen den gazteetako bat da Pettan. Besta aitzineko egunak, beraz, lanpetu xamarrak izanen ditu: «Estresagarriak izanen dira azken egunak, bestak antolatzen ditugun bitartean bakoitzak gure lanekin edo ikasketekin segitu behar dugulako», azaldu du. Hirugarren urtea du aurten Zugarramurdiko gazteak antolaketa lanetan: «Duela hiru urte belaunaldi berri bat sartu ginen herriko dinamika aldatzeko gogoekin», kontatu du. «Hala ere, ttikitatik ibiltzen gara denak bestak muntatzen laguntzen». Azken urtean, gainera aunitz aldatu da elkartea, urte bakarrean 7 bazkide izatetik 17 izatera igaro baitira.
Urte hasieratik lanean
Bestak abuztuan ospatzen badituzte ere, antolaketa lanetan urte hasieran hasten direla azaldu du gazteak. «Urtarril aldera hasten gara gehien bat musika taldeekin kontaktuan, gure besten datetan bertze herri aunitzetan izaten direlako bestak eta aunitzetan zaila izaten delako taldeak libre egotea. Hori izaten da zailena, libre dauden taldeak atzematea».
Aldaketak egitarauan
Horrez gain, taldean osatzen dute egitaraua. «Elkarteko guziak elkartzen gara urtero gure ideiak bota eta bestak berritu edo hobetzeko». Hala ere, iritzi bilketa hori ez dute elkartera mugatzen, «beti saiatzen baikara bilkura irekiak egiten herritar guztien iritzia jakiteko». Azken urteetan aldaketa batzuk egin dituzte egitarauan, gauza batzuk kenduz eta bertzeak sartuz. «Iaz deliberatu genuen ahate jokoa ez zela gehiago eginen eta aldiz, joko besta ekartzea».
Egitaraua itxita, lan txandak antolatzen dituzte, eta lanak denen artean orekatzen saiatzen dira. Hain zuzen, hori iruditzen zaio bestetako ezaugarri bereziena Pettani, «herritar guztiak elkartzen garela bakoitzak ahal duenean laguntzeko bestak ahalik eta politenak izateko». Ohartarazpen bat ere egin nahi izan du: «Besta egunero da, ez bakarrik ziriko egunean!».