Akelarre gaualdia izenburuarekin, artearen eta historiaren arteko topaketa eginen dute ekainaren 7an, ortziralean 19:30ean hasita Sarako leizeetan, Euskal Herrian egindako sorginkeria epaiketetan oinarritua.
Gaualdia hasiko da leizean, Sor(tu.E)gina ikuskizunarekin. Baratcharte Dantza konpainiaren eskutik, dantza, antzerkia eta mintzaldia nahasten dituen ikusgarria, sorginkeriaz eta bere epaiketez mintzo dena, baita gaur egun gure gizartean sentitzen den intolerantziaz eta diskriminazioaz ere. Euskaraz emanen dute ikuskizuna, paper batean frantsesezko itzulpenarekin.
Ondotik, Pablo Agüeroren Akelarre filmaren aire zabaleko proiekzioa izanen da, Sarako leizeen atari dotorearen aitzinean.
1609ko sorgin ehizaren jazarpen eta gertakari historiko izugarrietan oinarritutako istorio baten bidez, Pabo Agüerok patriarkatuak emakumeengan, baina baita klase herrikoietan eta kultura minoritarioetan ere eragiten duen zapalkuntza salatzen du.
12 urtetik goitikoei zuzendutako ikuskizunak dira (gazteenentzat eszena batzuk gogorrak izan daitezke). Bi emanaldien artean jateko eta edateko aukera izanen da. Sarako leizeetako lurrean jartzeko zerbait ekartzea ere (hondartzako eskuoihanal, kuxina…) gomendatu dute. Filmaren proiekzioa bertan behera geldituko da, euria egiten badu. Emanaldi bakoitza edo gaualdi osoa erreserba daiteke.
Leize turistikoen eta lurpeko munduaren Nazioarteko Eguna
Ekainaren 6ko Leize turistikoen eta lur azpiko munduaren Nazioarteko Egunaren kari, Sarako historiaurreko lezea ezagutzera (edo berriz ikustera) etortzea proposatzen dute. %50eko deskontua izanen da eguneko bisita gidatu guztietan.
Gogoratu behar da egunotan txondorra ere piztua dutela Sarako leizeetan eta hori ikusteko aukere ere bada.