«Gehienbat kamisetak» saltzen badituzte ere, haien eskaintza ez da hor bukatzen: «kirol jertseak, alkandorak, biserak, txanoak, berokiak… kotoi biologikoarekin egindako produktuak». Horietan diseinu bereziak egiten dituzte, «beti euskal kulturan oinarritua edo pop kulturarekin nahastua. Adibidez, Freddie Mercuryren irudia sagardo botila batekin paratu eta Txotx deitu diogu diseinuari. Diseinu guztiek umore puntua edo mezu bat dute».
Jendearen aldetik «erantzun ona izan du, mezuak ulertu eta hunkitzen duen euskaldunen artean bereziki. Baina kanpotik etorritako bisitariek ere gustuko dute». Sarako dendaz gain, produktuak hainbat lekutan dituzte salgai, «Euskal Herria osoan ditugu salmenta puntuak, Araban izan ezik, eta online erosteko aukera ere bada ezkexa.eus webgunean. Gainera, enpresentzat, elkarteentzat, kirol taldeentzat… jantziak egiten ditugu edozein diseinurekin».