Abuztua bukaeran Urdazubi eta Zugarramurdi guardiako mediku zerbitzurik gabe geratu ziren. Ordura arte mediku eta erizain banak ematen zuen zerbitzu hori astean zehar, asteburuetan eta besta egunetan 15:00etatik aitzinera.
Urdazubiko udalak, eskualde honetan duen kokaleku bereziaren jakitun, duela urte aunitz zerbitzu hori erraztearen alde egin zuen, osasungintzako langileen esku udalaren etxebizitza bat doan jarriz.
Urdazubiko Geroa Bairen taldearen arabera, «Urdazubi eta Zugarramurdira egunero gerturatzen diren milaka bezero, turista eta langileek funtsezkoa bihurtzen dute ohiko mediku zerbitzua, baina are gehiago guardiako zerbitzua. Gertakari hau gainera, jendeketa gehien dagoen unean gertatu da, bai bentetara datozen bezeroena, bai eta gure udalerrietara bisitan etortzen diren turista eta txangozaleena».
Urdazubi eta Zugarramurdiko bizilagunak kezkaturik daude egoera honekin, «eta aldi berean alarma egoeraren ondorioz, alerta antiterroristen ondorioz eta frantziar zein espainiar estatuek behin eta berriro ezarritako mugen itxieren ondorioz pairatzen ari ditugun ondorio ekonomikoak gaineratu behar dizkiogu egoerari», azaldu du Geroa Baik.
Geroa Bairen udal taldeak pasa den abuztuaren 27an egin zen Urdazubiko udaleko osoko bilkurara helarazi zuen ezinegon hau, bertan premiazko adierazpen instituzional bat egitea proposatuz, baina orain arte ez da udal gobernu taldearen aldetik erantzunik jaso. Urdazubiko mediku kontsultategiaren aitzinean egin zen elkarretaratzera ere Geroa Bairen ordezkaritza bat gerturatu zen, «gai honekin duen herri sentikortasuna frogatuz».
Nafarroako Gobernuak aunitzetan adierazi du lurraldearen despopulazioarekin bukatzearen aldekoa dela, landa eremuko udalerrien aldeko neurriak iragarriz, horien bitartez Nafarroa artikulatzea ahalbidetzeko”. Urdazubiko Geroa Baik ziurtatu duenez, «hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da, landa eskualdeen aldeko benetako apustua dagoela frogatzeko unea». Horregatik, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari eskatu dio «egoera hau lehenbailehen konpon dezan, eta azken urteetan eduki dugun larrialdiko mediku zerbitzua bermatu dezan, gaur egun erizain bakar baten esku baitago».