Urdazubi eta Zugarramurdi herri ttikiak dira, 356 eta 217 bizilagunekoak hurrenez hurren, baina hainbat bisitari hartzen dituzte eta bertze hainbatek inguruan lan egiten dute, 500 batek Dantxarineako merkataritza gunena, eta hauek ere artatu behar izaten dituzte Urdazubiko osasun kontsultategian. Ortzegunean gelditu ziren lehen aldiz guardiako medikurik gabe eta asteburu osoan horrelaxe egon dira. Larrialdiak artatzeko erizain batekin bakarrik gelditu da Urdazubiko kontsulta.
Guardiako medikua behar denean, Elizondora bideratzen dituzte eriak, Urdazubiko erdigunetik 20 kilometrora. Baserri auzoetatik oraindik urrunago. Kontu larria balitz, Elizondoko medikua joan beharko litzateke Urdazubi-Zugarramurdira, Baztango zerbitzua murriztuz. Xaretako bizilagunek diotenez, aukera honek ez du deus soluzionatzen, eta gogoratzen dute mediku arreta behar duten aunitzek Elizondora joan ahal izateko arazoak dituzte. Horregatik «soluzioa berehala» eskatu dute, «egiatan larria den zerbait gertatu baino lehen».