Urdazubin asteburuetan medikurik ez izateak «17 herrietako 8.000 biztanleri» eragiten diela salatu dute Baztango alkateek

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 1a, 08:00
Joan den larunbat eguerdian elkarretaratzea egin zuten Urdazubiko osasun kontsultaren atarian. Argazkia: Fernando Anbustegi

Nafarroako Osasun Zerbitzuak babesik gabe utzi dituela uste dute Baztango udaleko eta hamabortz herrietako alkateek

Joan den asteburuan, Nafarroako Osasun Zerbitzuak guardiako medikurik gabe utzi zituen Urdazubi eta Zugarramurdiko herritarrak, «honek suposatzen duen guztiarekin». Baztango udaleko alkateak eta Baztango herrietako hamabortz alkateek salatu dutenez, «Nafarroako Osasun Zerbitzuak babesik gabe utzi gaitu» eta «larrialdi kasua izan zezakeen edozein herritar Elizondoko Osasun Etxera bideratua izan zen, edota kasu larrienetan, Elizondoko medikuak herri hauetara joateko betebeharra zuen, bertako Osasun Etxeko larrialdiak artatzeko langilerik gabe utziz». 

Hau honela izanik, Baztango alkateek ezin dute atzendu «ez dela Urdazubiko eta Zugarramurdiko herritarren arazoa soilik, Elizondoko Osasun Etxeari ere bete betean eragiten baitio. Domino fitxen gisara, Urdazubiko eta Zugarramurdiko guardiako medikua kentzeak Erratzu, Arizkun, Azpilkueta, Amaiur, Elizondo eta Elbeteko herritarrak ere gutxi gora behera 3-4 orduz mediku gabe uztea dakar. Domino fitxekin jarraituz, herri hauetako batera mediku bat etorri beharko balitz, Oronozko kontsultategiko medikua mugitu beharko litzateke, Gartzain, Lekaroz, Irurita, Ziga, Aniz, Berroeta, Almandoz, Arraioz eta Oronozko herritarrak ere 3-4 orduz medikurik gabe utziz». 

«17 herrietako 8.000 biztanle baino gehiagoren osasuna jokoan»

Domino joko honen lehen fitxa mugitzeak, Urdazubi eta Zugarramurdiko medikua kentzeak, alegia, «17 herrietan biltzen garen 8.000 biztanle baino gehiagoren osasuna jokoan jartzea dakar. Medikuen erretiroak eta bajak ordezkatzen ez diren momentutik, gure herritarren biziak jokoan daude eta horren erantzulea Nafarroako Gobernua da», diote alkateek.

«Gure herri eta bailarako alkateok –aipatu dute idatzian–, herritarron osasuna, bizitza eta eskubideak defendatzen ditugunez, Nafarroako Osasun Zerbitzuari falta diren medikuak lehen unetik ordezkatzea eskatzen diogu. Herritarrik ez, mediku zerbitzurik gabe!».

Sinatzaileak

Aipatu bezala, Joseba Otondo Bikondoa, Baztango udaleko alkatearekin batera, hamabortz herrietako alkateek sinatu dute: Almandozko alkatea (Pello Sarratea Sanzberro), Amaiurko alkatea (Isabel Aleman Irungarai), Anizko alkatea (Kristina Fernandez Perez), Arizkungo alkatea (Imanol Etxeberria Antxorena), Arraiozko alkatea (Jose Luis Retegi Iturbide), Azpilkuetako alkatea (Aitor Iturralde Elizalde), Berroetako alkatea (Carlos Garaikoetxea Elso), Elbeteko alkatea (Imanol Juanikotena Taberna), Elizondoko alkatea (Aitor Bazterrika Zelaieta), Erratzuko alkatea (Kaiet Itoitz Ibarra), Gartzaingo alkatea (Fernando Arraztoa Larregui), Iruritako alkatea (Pello Mirena Iriarte Zelaieta), Lekarozko alkatea (Ernesto Prat Urzainki), Oronozko alkatea (Jorge Oteiza Ugarte) eta Zigako alkatea (Jose Antonio Etxeberria Osakar).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun