Saran, Kontrabandisten Egunaren karietara, goizean ekoizleen merkatua eta arratsaldean lasterketa

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 30a, 09:30

Kontrabandisten Eguna ospatuko dute gaur Saran. Goizeko 10etatik aitzinera Ekoizleen Merkatua zabalduko dute plazan, jan-edateko produktuekin hornitua. Pottoka gainean itzulixkak egiteko aukera ere eskainiko dute eta Olhain Ikastolak jan-edanak plantatuko ditu. Arratsaldeko lehen orduan, 14:30etan, Pontx pailazoak animatuko ditu gaztetxoenak eta 16:00etan hasiko da Kontrabandista Ttikien lasterketa. Lasterketa nagusia 18:00etan abiatuko da.    Ikusi 2019ko lasterketako argazkiak.

Kontrabandisten krosa aski lasterketa berezia da, parte-hartzera "gonbidatuak" dauden 36 lasterkariak, binaka, mugaren bi aldeetako herrien izenean (9 herri hegoaldekoak eta 9 herri iparraldekoak) aritzen baitira lehian. Aurten, gainera, pandemiarengatik ia sei hilabetez lehiaketarik gabe egon ondotik, lasterkariek lehen krosean parte hartzeko pribilegioa izanen dute. Krosak badu bertze berezitasun bat ere: lasterkariak garaiko bateko janzkera irudikatu behar dute (galtza ilunak eta elastiko zuria), eta 8 kiloko karga eraman sorbalden gainean.

Larhungo mazeletan goiti 8,4 km-ko ibilbidea eta %50eko maldak

Sorbalda gaineko karga utzi baino lehen, 8,4 kilometroko ibilbidea ibili beharko dute lasterkariek, horietatik 5 kilometro inguru harriz betetako xendetan barrena eta %50eko maldekin. Euriarekin bustia dagoenean, gainera, arriskua handitu egiten da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun