«1813-1814 Ahantzi Ezina» oroitharriaren estreinaldia egin dute Sarako Idazleen Biltzarraren karietarat

Pierre Bastres 2019ko api. 23a, 07:45

Oroitharri berri bat badago Saran, Gaztetxearen ondoan, Suharriagan hain xuxen, “1813-1814 Ahantzi Ezina” izenekoa. Alabainan, duela 200 urte Napoleonen tropek egindako makurrak eta hemengo herritarrek pairatu zituzten sufrikario izigarriak arrunt ahantziak izan dira. Obra hau elgarlan baten fruitua izan da. 

Jadanik liburu bat argitaratua zuen 2013an Lapurdi 1609 elkarteak, orduko gertakariak gogorat ekartzeko, eta “folklorkerietarik” begiratzeko. Hauez gainerat, memorial bat edo oroitharri baten altxatzea proposatua zioten Sarako Herriari. Baietza emanda, zizelkatzeko lanari lotu zitzaion Inaki Iriarte saratar gaztea. Bertzalde, bi urteetarik behin, norbait omentzen baitu Idazleen Biltzarrarak, aurten bi harriz lau txori egitea deliberatu dute. Pertsona bat omentzea ordez, oroitharria inauguratzea hautatu dute. Jende frango elkarretaratu da karria hortarat, auzapez eta hautetsi zonbait barne.

Sar hitza egin dauku Mixel Mendiburu Lapurdi 1609koak, eta haren erranetan «egun estreinatzen dugun obra hunek oroitarazteko gaitu gure hurbileko historia, miseri gorria jasana, emigrazioa izigarria, eta guztiengatik Eskual Herria bizi dela oraino eta gogo handiz jo nahi duela».

Battit Laborde bertako auzapeza mintzatu da ondotik, eta erran duenez «oren erdian (Eguerdi eta erdiak “oren erdia” erraiten baita Saran) egin dugu ekitaldia, historioaren erdia baizik ez dugulakotz ezagutzen. Ororen buru, gure herriaren historia hobeki ezagutzeko balio du ekitaldi hunek».

Inaki Iriarte egileak argiki adierazi du zer egin nahi zuen : «“Korten” motako altzairuz egina da zizelkaritza, liburu baten itxura daukana, bainan etxe bati konparatua ahal dena ere: pareta batek arraildura du erditik, leherketa baten ondorioz balitz bezala: hau da gertatutako bortizkerien sinboloa. Haatik, haritz edo ametz hostoaren itxura du bertze paretak: eskual jendea pixkor eta azkarrean dagola erakusteko».

Xalbadorren “Ama Eskual Herria” Anje Duhaldek kantaturik, Xumai Murua eta Allande Alfarok pertsu bina asmatu dituzte, adimentsuz beteak. Azken hitza izan du Amaia Airek, Amets Arzalluzen pertsu bat emanez. Agurra dantzarekin burutu da ekitaldia.

Ez dezagun ahantz lau mintzairetako plaka bat egin dutela ere, iragaileek irakur eta ikas dezaten zer zen iragan 1813ean hemen gaindi. Oroitharriaren aintzinean kokatua da.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun