Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Atalak TTIPI-TTAPAri emandako datuen arabera, aurten, ilbeltzetik irail hondarrera bitarte genero indarkeriari lotutako 33 denuntzia izan dira eskualdean:
- Bortzirietan hamar.
- Leitzaldean eta Urumealdean zazpi.
- Baztanen sei.
- Malerrekan sei.
- Bertizaranan bi.
- Xaretan bi.
Joan den urteko datuak baino altuagoak dira; iaz 32 salaketa aurkeztu baitzituzten urte osoan, eta aurten, urtea bukatzerako hiru hilabeteren faltan, dagoeneko 33ra igan da kopurua.
Lau titular atera daitezke datuei erreparatuta:
- Erasotzaileen ia erdia 30 eta 49 urte bitartekoak dira.
- % 97 bikotekide ohiek eta bikotekideek egindako erasoak izan dira.
- Salaketa gehienetan eraso fisikoak eta psikikoak salatu dituzte.
- Erasoak jasan dituztenen % 54,5 30 eta 39 urte bitartekoak izan dira.
Edozein moduz, horiek aurkeztutako salaketak dira, eta datu horiek ez dute indarkeria matxistaren errealitate osoa islatzen. «Salaketa datuak aztertzen hasi aitzinetik, beharrezkoa da ohartaraztea salaketek ez dutela inolaz ere errealitatean gertatzen den emakumeen kontrako indarkeria matxista islatzen. Izan ere, estimatzen da emakumeen kontrako indarkeria egoeran % 20 dela salaketa jartzen diren kasuak (Berdintasun Ministerioa, 2020)».