Ez ahaztuak, ezta ikusezinak ere lelopean, adineko emakumeen kontrako indarkeria matxistan paratu dute aurten arreta, «indarkeria matxistak adineko emakumeei ere eragiten dielako». Eskualdeko udal eta mankomunitateek ere bat egin dute kanpainarekin.
Kasu horretan, «indarkeria adinarekin gurutzatzen» dela adierazi dute, «eta horrek zaildu egin ditzake detekzioa eta esku hartzea. Mendekotasun ekonomikoa, kolektibo gisa ikusezin bihurtzea, laguntza sarerik eza, indarkeriaren normalizazioa, isiltasuna, isolamendua, indarkeria estetikoa, zaintza gainkarga, arrakala digitala edo erasotzailearekin luzaroan bizitzea oztopo izan daitezke indarkeria aitortzeko eta baliabideak eskuratzeko». Adineko emakumeentzat «bikote harremana indarkeria areagotu ohi den espazioetako bat» dela gaineratu dute eta «kasu aunitzetan, haien erasotzaileak zaintzen dituztela» oroitarazi dute.
Datuak ere eman dituzte: «Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak egindako 65 urtetik gorako emakumeak, genero indarkeriaren biktimak azterlanaren arabera, 65 urtetik gorako emakumeen % 5ek indarkeria fisikoa jasan du bikotekideren baten eskutik, % 2,9k indarkeria sexuala jasan du eta % 8,8k indarkeria ekonomikoa. Emakumeen % 40k 40 urte baino gehiagoz jasan zuen indarkeria, eta % 27k 20 eta 30 urte artean». Horrek, batetik, «adineko emakumeen aurkako indarkeria dagoela» eta bertzetik, «indarkeria hori aitortzeko zailtasunak daudela» erakusten du.
Konpromisoak
Horregatik, Nafarroako tokiko eta lurraldeko erakundeek hainbat konpromiso hartu dituzte: adineko emakumeen kontrako indarkeria matxista ikusaraztea; indarkeriaren eta adinari zein matxismoari lotutako estereotipoen normalizazioaren kontra borrokatzea; detekzioa eta prebentzioa hobetzea; arreta eta babeserako baliabide eta zerbitzuetarako sarbidea bermatzea; sare komunitarioak eta laguntza sareak indartzea; adineko emakumeei aditzea eta ahotsa ematea eta politika publiko feministak, integralak eta koordinatuak bultzatzen segitzea».
Aipatu bezala, Nafarroako hainbertze tokiko eta lurraldeko erakundek bat egin dute kanpainarekin, eta tartean dira, Baztango Udala eta Bortzirietako, Malerrekako eta Mendialdeko mankomunitateak.