Sare handia, herri ttikitan

Ttipi-Ttapa

Eraldatzen jaialdia larunbatean Elizondon: proiektua babestu, elkartu eta saretzeko aukera.

Herri ttikietan bizitzeak eta queer-a izateak zailtasunak ekar ditzake, baina, elkarren arteko sarea indartzeko aukera ere bada. Oraindik, egiteko eta aldatzeko aunitz dago, baina azken urteotan aurrerapausoak ere eman dira. Lau gaztek beraien errealitatea kontatu dute.

Baztan-Bidasoan badago queer komunitate bat, eta azken urteotan gero eta gehiago dira komunitate horren parte diren pertsonak. Herri ttikietan bizitzeak baditu bere alde onak, baina alde txarrak ere.

Alde batetik, herritarren arteko hurbiltasunak eta herri sentimenduak babesa eta konfiantza ematen ahal dituzte. Bertzetik, ordea, desberdin sentiarazten zaituztenean, zailagoa izan ohi da norberaren identitatearekin plazaratzea herrian. Erreferenterik ez izateak eta, hainbat kasutan, bazterturik sentitzeak ere, ez du horretan laguntzen. 

Gainera, herri ttiki aunitzetan talde edo espazio bakar baten inguruan biltzen da biztanleria, eta horrek aukera guttiago utz ditzake arautik ateratzen direnentzat. Horren ondorioz, batzuk herritik kanpo bilatu behar izaten dituzte beren burua askatasunez bizitzeko espazioak. Jarrera eta esaldi homofobo zein transfoboak aditu eta jasan behar baitituzte eskualdean, gizartean ezarritako baldintzen parte ez izateagatik.

Azken urteotan, hala ere, gauzak aldatzen ari dira. Queer pertsonak gero eta gehiago elkartzen dira, ekimenak antolatzen dituzte eta denbora luzez izan ez duten lekua aldarrikatzen ari dira. Horren adibide dira sortu diren espazio seguruak, kabareta, mugimendu feministaren barnean egiten ari den lana, herriz herriko saretzea, eskaintza kultural queerra, militantzia, eta heldu den urriaren 17an eginen den Eraldatzen jaialdia, bertzeak bertze. Horrelako ekimenek elkar ezagutzeko eta esperientziak partekatzeko aukera gehiago sortzen dituzte, baita babesguneak ere, eta komunitatearen artean sare sendoagoa eraikitzeko balio dute.

Hala ere, herri guztietan ez da berdina queer pertsonek bizi duten errealitatea, eta oraindik badago zer egin. Ikusgarritasuna eta onarpena handitzen ari badira ere, garrantzitsua da lortutakoa mantentzea eta aurrerapausoak ematea. Belaunaldi berriek ere espazio horietan parte hartzea eta borrokarekin segitzea hagitz garrantzitsua da.

Azken finean, queer errealitatea ez da berdina Elizondon, Malerrekan edo Bortzirietan, ezta mendialdeko bertze edozein txokotan ere. Horregatik, eskualdeko gazte queer-en errealitatea hobeki ezagutzeko eta gaiaz mintzatzeko, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako lau gazterekin solas egin dugu. 

Solastatutako pertsona bakoitzak bere bizipenetik abiatuta, herri ttikietan queer izatea zer den, inguruan azken urteotan zer aldaketa ikusi duten eta hori guztia nola bizi duten azaldu digute Arantzakoa den Maddi Larralde Apezetxeak, Gazteluko Aimar Sagardia Redinek eta Elizondokoak diren Ane Barrenetxe Bertizek eta Cecilia Adin Urtasunek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun