Nafarroako Azoka Ekologikoaren hamaikagarren edizioa eginen dute asteburuan Noainen

Ttipi-Ttapa

XI. Nafarroako Ekologikoaren aurkezpenean, antolatzaileak eta Jose Mari Aierdi kontseilaria.

XI. Nafarroako Azoka Ekologikoak, produktuak jan zein salduko diren merkatuan ezarritako hogeita hamar postuez gain, EKOtopaketak izeneko eremu bat gaituko du showcooking edo lantegiak eta dibulgazio jolasak egiteko, haurrentzat, bai eta EKOtaberna bat ere, hainbat proposamen gastronomiko dastatzeko edo musika emanaldiez gozatzeko, elikadura ekologikoarekin lotutako bertze hainbat proposamen eta txokoen artean.

XI. Nafarroako Azoka Ekologikoak guztira produktu ekologikoen 33 erakusmahai izanen ditu, baita jarduera-programa zabal bat ere, eta Noaingo Zentzumenen parkean eginen da irailaren 11 eta 13 bitarteko aste bukaeran

Irailaren 11n, ortziralean 17:00etatik 20:30era; irailaren 12an, larunbatean 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era eta irailaren 13an, igandean 11:00etatik 14:30era zabalduko ditu ateak azokak. Ikusi egitaraua hemen

Nafarroak gaur egun 73.000 hektarea ditu nekazaritza eta abeltzaintza ekologikora emanak, alegia, gainazal guztiaren % 8. Azken urteetan hazkunde eutsia izan du eta, guztira, elikagai ekologikoak sortzen dituzten 750 enpresa eta pertsona bateratzen ditu. Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (NNPEK) https://www.cpaen.org/eu, orain dela 40 urte sortu zenetik, agintaritza publikoaren funtzioak betetzen ditu nekazaritza ekologikoaren erregistro, kontrol, ziurtapen eta sustapenerako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun