Larhun mendiaren inguruan garatzen ari den mugaz gaindiko proiektuak aurkeztu dituzte

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 25a

Larhun mendiaren ikuspegia.

Larhun mendiaren inguruan garatzen ari den mugaz gaindiko proiektuak hainbat inbertsio egin ditu eremua biziberritzeko eta natura-ondare enblematiko hori tokiko garapenerako palanka bihurtzeko. Proiektuaren bazkideek, Nafarroako Gobernuak (Orekan sozietate publikoaren bidez), Pirinio Atlantikoetako Frantziako Departamentuak eta mugaren bi aldeetako alkateek topaketa bat egin dute gaur Urruñan, Larhun mendiaren magalean. Topaketa horretan, dagoeneko egin diren jardueren berri ere eman dute: Beratik Larhunera doan pista hobetzea, Garingo benta birgaitzea (mendian babesleku eta topagune gisa erabiltzeko) edota ingurumena lehengoratzeko jarduerak dinamizatzea, bertzeak bertze.

POCTEFA La Rhun-E mugaz gaindiko proiektuak 3 milioi euro inbertituko ditu mendi horren ingurune naturala biziberritzeko jarduera multzo batean

Jean–Pierre Mirande, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluaren lehendakariordea eta Ruben Goñi, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendari nagusia izan dira Proiektuaren Batzordearen lan bileraren buru. Sébastien Etchebarne, Aitor Elexpuru, Stéphane Barneix eta Bénédicte Luberriagak, Urruña, Bera, Sara eta Azkaineko alkateek ere parte hartu dute.

Proiektuan egindako azken jarduerari dagokionez, Orekan sozietate publikoak Larhun mendiaren gailurrerainoko pista hobetzeari esker, esku hartzeak 3 kilometro baino gehixeagoko bidea sendotu du, 518 metroko desnibelarekin eta % 16ko banaz bertzeko maldarekin. Erabilera mugatuko pista da, batez ere artzain, bentetako langile eta antenetako teknikarientzat. Jardueraren kostu osoa 290.000 eurokoa izan da, eta Europar Batasuneko FEDER funtsak finantzatu du %65ean, Interreg POCTEFA programaren barrenean.

Bertze ingurumen eta kultura jarduera batzuk

Aldi berean, proiektuak espezie inbaditzaileen aurkako ingurumen esku hartzeak ere garatu ditu, eta sarbideak eta fluxuak kudeatzeko mugaz gaindiko eskema bat definitzen ari da. Eskema horretan, mugikortasunari buruzko azterketak eta mandazainen bidezidor historikoa birgaitzea sartzen dira, eta datorren udazkenean hastea aurreikusten da.

Bisitariei eta bertako bizilagunei zuzendutako sentsibilizazio programak ere sustatu dituzte, goi denboraldian tokian bertan bitartekaritza eginez, hezkuntza jarduerak eginez eta mugaren bi aldeetan jardunaldi parte hartzaileak eginez. Kulturari dagokionez, mendiaren ondare historikoari buruzko ikerlanak nabarmentzen dira, Larhungo trenari eta salmenten memoriari buruzko ikerlanak barne.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun