Ttipi Txartela

«Elkarrekin naturaz disfrutatzeko eta kirola egiteko aukera ematen dugu»

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 9a

Christophe Rosiejak, WowPark-eko arduraduna.

Apirilaren 2an abiatu zuten aurtengo denboraldia Urruñako Wowparken eta azarora arte izanen dituzte ateak irekiak. Christophe Rosiejakek azaldu duenez, «bisitari aunitz egun guztirako etortzen dira, bertze tokietan ez bezala, naturan bertan piknik egiteko tokia baitugu. Hala ere, eguraldiak aunitz baldintzatzen du jendearen etorrera, eguraldi onarekin jende aunitz etortzen da».

Parkean «denontzako jarduerak» eskaintzen dituzte, «2 urtetatik 102 urtera arteko jendearentzako. Bisitariek elkarrekin naturaz disfrutatzea nahi dugu: haur, gazte, guraso eta aitatxi-amatxiek, denek batera. Tirolinak, donut pistak, hamster gurpil handiak, sarezko pasabideak bola erraldoiekin, zuhaitzen alturaren gainetik ibiltzen diren txirrista bereziak, ur pistak, haur ttikientzako jokoak… gainera, mundu guziko zuhaitz eta landareak ikusteko aukera badugu». Aurtengo udan, gainera, ninja splash parkea irekiko dute, «16 urtetik goitiko jendearentzako, oztopoz betetako zirkuitua eta uretako jokoak izanen dituena».

Jendeak parkea maite du «elkarrekin kirola egiteko eta naturaz gozatzeko aukera ematen duelako. Gainera, Hendaiako hondartzatik hurbil gaude».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun