Apirilaren 15ean abiatu zen flotilla Bartzelonatik, Sizilian geldirik egon ziren lau egunez eta Greziako uretara hurbildu dira orain. Hegoak azaldu duenez, atzo gauean Israelgo armadak bidea moztu zien eta hainbat itsasontzi bahitu zituen, tartean Luka dagoena. Jakinarazi duenez, apirilaren 30eko goizaldean hau da flotilla osatzen duten itsasontzien egoera:
- 21 itsasontzi bahituak izan dira: Saf Saf, Arkham, Bella Blu, Romantica, Goleta, Eros First, Eros, Esplaii, Mystere, Magic Boat, Ghea, Snap, La Pinya, Bianca BCN, Freia, Batolo, Bribon, Marea, Nagual, Malia eta Holy Blue.
- Itsasontzi bat atzeman, miatu eta motorra sabotatu dute: Tam Tam.
- 17 itsasontzi Greziako uretan daude: Marilyn, Andros, Atlantic Blue, Bianca ITA, Blue Toys, Bye Luby, Cabo Blanco, Cactus, Don Juan, Furleto, Girolama, Gotico, Isobella, Sirius, Venus, Zio Faster eta Iridescence.
- 14 itsasontzi ur internazionaletan daude: Abodes, Alcyone, Amazon, Azur, Diabolo, Elengi, Gaucho, Jandabar, Peluxo, Shireen, Trinidad, Zefiro, Vivi eta Nablus.
Hegoak azaldu duenez, «ez dakigu zer pasatuko den atxilotuekin. Aukera bat Europara deportatzea da, azkarrena izanen litzatekeena. Bertzea Israelera eramatea da, harat bi egun inguruko bidaia dute itsasontziz eta inkomunikatuak egonen lirateke zenbait egunez».
Elkarretaratzeak
Egoera salatzeko eta flotillako kideei elkartasuna adierazteko elkarretaratze deialdiak egin dituzte gaur arratsaldean Euskal Herriko plazetan. Eskualdean ere elkarretaratzeak eginen dituzte 19:00etan, Elizondoko plazan eta Berako Herriko Etxeko plazan.