Maiatzaren 23an eginen dute Herri Haitada Beran

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 8a

Iazko proban parte hartu eta irabazi zuten beratarrak.

Iaz beratarrek irabazi zuten proba eta, beraz, beratarrak izanen dira aurtengo antolatzaileak. Maiatzaren 23rako, egun osoko egitaraua antolatu beharko dute. 

Herri Haitada sei herri mugakide herri bakarrean biltzen dituen egun osoko ekimena da, elkarren artean jokatzeko eta harremanak indartzeko, beti ere euskara ardatz izanik. Parte hartzen duten sei herriak Ainhoa, Bera, Etxalar, Sara, Urdazubi eta Zugarramurdi izanen dira. 

2018an egin zuten lehendabizikoz Herri Haitada Saran. Arrakasta ikusita, 2019an Ainhoan egin zuten eta ondotik pandemia eta bertze kontu batzuk tarteko urte batzuez egin gabe egon dira. Iaz berreskuratu zuten besta Zugarramurdin eta aurtengoa izanen da laugarren edizioa. Beratarrek irabazi zuten iazkoa eta hortaz aurten Beran antolatuko dute.

Hamabi proba jokatuko dituzte: boteluze, dantza, bertsoak, herri kirolak (egur pila, arpana, ingude altxatzea eta sokatira), musa, txirrindularitza, lasterka proba, sukaldaritza eta kultur quizz.

Herri bakoitzak proba bakoitzeko ordezkari taldea osatu beharko du. Puntu bat eta sei puntu arte irabazten ahal dituzte proba bakoitzean eta egunaren bukaeran puntu gehien dituen herriak irabaziko du Herri Haitada-

Oraingoz, Herri Haitada antolatzen ari den beratar taldeak datu bakarra eman du: maiatzaren 23an eginen dela besta. Aitzinerago emanen dituzte xehetasun gehiago izen ematearen eta proben inguruan. 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun