Bertze lau asteko greba deialdia egin dute Benito Mennin «aitzinera pausorik ez dagoelako»

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 16a

Irailaren 3an Iruñean egindako elkarretaratzea, greban 60 egun bete zituztenean.

Enpresak eta Nafarroako Gobernuak jarrera aldatzen ez bazuten, greba deialdi gehiago etorriko zirela aitzindu zuten. Eta halaxe izan da. Elizondoko Benito Menni zentroan azaroaren 7ra arte greba egun gehiago iragarri dituzte. Nafarroako Gobernuari eta Hermanas Hospitalarias enpresari «egiazko negoziazioa eta kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzea» eskatu diete. ELA sindikatuak gaur goizean jakinarazi du berria –sindikatu horretakoak dira langileen batzordeko ordezkariak–. 

Aspaldikoa da lan gatazka Elizondoko Benito Menni zentroan, Baztango enpresarik handienean. Baina duela urte bat egoera gehiago gaiztotu zen, enpresak, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin, zentroko hiru eraikinetako bat hetsi zuenean. Horren ondorioz, «osasun mentaleko zerbitzua okertu, enpleguak galdu eta lan baldintzak okertu» direla salatu izan du behin baino gehiagotan ELAk, baita langileek ere. Sindikatuaren hitzetan, «geroztik, Hermanas Hospitalarias enpresako zuzendaritzak ez du onartu langileen ordezkariekin biltzea itxieraren ondorioei eta hitzarmenaren negoziazioan planteatutako aldarrikapenei aurre egiteko».

Eta Nafarroako Gobernuarekin ere kritiko dira: «Nafarroako Gobernuak ez du egoera konpontzeko neurririk hartu, eta hetsitako eraikinerako bertze erabilera bat adostu du enpresarekin, gobernuak enpresarekin duen konplizitatearen erakuslea da hori». Hala, «buru osasunaren arretan monopolio eredua» ezarri izana leporatu dio gobernuari: «kudeaketa Hermanas Hospitalarias kongregazioari bakarrik ematen baitio. Politika horrek interes pribatuak lehenesten ditu zerbitzuaren kalitatearen eta lan eskubideen gainetik».

Langileek «benetako negoziazioa» nahi dute, «itxieraren ondorioak lehengoratzeko, lan baldintzak hobetzeko eta eskualdean kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzek». Eta horrekin batera Nafarroako Gobernuari «diru publikoaz finantzatutako funtsezko zerbitzu baten kudeaketan duen erantzukizuna bere gain hartzeko» exijitu diote; «jardun dezala inguruko prekarietatea eta despopulazioa geldiarazteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun