Bestak 2025

«Haurrekin eguneko bestak disfrutatzen ditut»

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 23a

Urrozko besten atarian, Urrozen bizi den Maite Barberena Ibarrarengana hurbildu da TTIPI-TTAPA.

Nor dugu Maite Barberena Ibarra?

Urrozen bizi den Zigako ama bat.

Zein dira zure afizioak?

Nire afizioak azken urteotan aldatu egin dira. Ama izan aitzin, kirola egitea gustatzen zitzaidan: mendira joatea, bizikletan ibiltzea, lasterka ibiltzea... Orain, berriz, nire afizioa nire hiru seme-alabekin egotea da.

Zigan sortutako urroztarra edo Urrozen bizi den zigatarra zarela erranen zenuke?

Dudarik ez egin: Urrozen bizi naizen zigatarra naiz [Kar, kar, kar].

Zigako tokirik gustukoena zein duzu?

Zigak baditu leku aunitz politak: Baztango begiratokia, Abartango bidea... Zaila da denen artean bat bakarrik aukeratzea.

Eta Urrozko tokirik gustukoena zein duzu?

Nahiz eta baditudan urte batzuk Urrozen bizitzen, leku guti ezagutzen dut. Baina bat erratekotan, Leurtzako Urtegia aipatuko nuke. Naturak ematen dizun lasaitasuna polita da.

Eskatzen hasita, zer eramanen zenuke Zigatik Urrozera?

Leku zelaiak [Kar, kar, kar].

Zein dira zure ustez herri ttikietan bizitzearen alde onak?

Alde onen artean, alde batetik, herri ttikiek ematen duten lasaitasuna aipatuko nuke eta, bertzetik, adin guzietako jendearekin sortzen den harremana.

Urrozko bestetako ekitaldirik gustukoena?

Herri bazkaria erranen nuke, egun horretan, bai herrikoek eta bai kanpoan bizi diren urroztarrek parte hartzen dutelakoz.

Guraso zarenetik, zertan aldatu dira bestak zuretako?

Arratseko bestak gibelean gelditu dira. Orain haurrekin eguneko bestak ahalik eta gehien disfrutatzen saiatzen naiz.

Ile apaintzaile eta abeltzain. Bi ofizioak ezagunak dituzu. Baina lan bakoitzetik zer aukeratuko zenuke?

Uf! Bi lan klase arrunt diferenteak dira. Baina zerbait aipatzekotan, ile apaintzaile izateak pertsona pila bat ezagutzeko aukera ematen dizu. Eta abeltzain ari zarenean, berriz, animaliekin sortzen den kontaktua arras berezia da.

Amets bat?

Orain bezala segitzea eta familiak ere ongi segitzea nahi nuke.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun