Ttipi Txartela

«Bertsotik jasotzen dudana bueltan eman nahi diot»

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 1a, 10:00

«Bertsoen mundutik» dator Unai Elizasu eta 2011n abiatu zuen Puntutan arropa marka; «bertsolaritzak denon gogoan gordeta ditugun zenbait esaera eman dizkigu eta horrenbeste identifikatzen gaituzten testu horiek arropetara ekarri nahi nituen».

Hausnarketa horretatik abiatuta, «bertsoak eta euskara oinarri duten esamoldeekin 40 diseinu baino gehiago ditugu eskuragarri hainbat jantzitan: kamisetak, jertseak, haurren bodyak, poltsak, galtzontzilloak, kuleroak… denetik». Urteekin diseinu berriak sortu eta zaharrak kendu baditu ere, «lehen diseinua, Zortzikoa izenekoa, da oraindik arrakastatsuena. Diseinu sinple baina polita da, ez du ezer esaten eta dena esaten du aldi berean». Gainera, «proiektuarekin lortutako etekina bertso saioak babesten eta antolatzen erabiltzen dut. Bertsotik jasotzen dudana bueltan eman nahi diot».

Jendearen aldetik «oso erantzun ona» izan du markak; «alde batetik material ona eta organikoa delako eta bestetik jendea pozik da soinean daraman testuarekin identifikatua sentitzen delako, eta ingurukoei ere zerbait eragiten dielako. Bertsoek eragiten badute, zergatik arropak ez?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun