Abizena euskalduntzea pentsatu duenak, aukera ezin hobea du nortasun agiria edo gidabaimena iraungitzen zaionean

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 3a, 11:00

Echeverria, Anchordoqui, Vergara, Marichalar, Celayeta, Echegaray, Goyeneche, Goicoechea… abizenak horrela idatzita ikusten dira maiz, gaztelaniazko grafiarekin. Baina euskal abizenak diren aldetik, euskararen gramatika arauei jarraikiz idatzi beharko lirateke, horien jatorri eta izanarekin bat etortzeko.

 

 

Aprobetxatu aldatzeko aukera nortasun agiria edo gidabaimena berritzerakoan

Prozesua erraza da, baina, lehen pausua emana dagoela, pertsonaren dokumentu guztiak aldaketa horretara egokitzea tokatuko da: osasun txartela, Gizarte Segurantza, bankuko datuak, han-hemengo txartelak, titulu akademikoak eta abar.

Tramiteak eragin biderkatzailea du guraso izateko bidean edo 18 urtetik beheitiko seme-alabak dituztenen kasuan

Izan ere, helduek abizenak euskal grafiarekin jartzeko tramitea eginez gero, seme-alabei automatikoki abizena behar bezala erregistratua geldituko zaie.

Zer egin behar da?

Hiru urrats erraz hauek eman behar dira:

  1. Joan bizi zaren herriko Erregistro Zibil edo Bake Epaitegira eta erran abizenak euskaraz paratu nahi dituzula.
  2. Eraman agiri hauek:
  • NAN originala eta haren fotokopia:
  • Gurasoen NANaren fotokopia, adinez nagusia ez bazara.
  • Seme-alaben NANaren fotokopia, 16 urtetik gorako seme-alabak badituzu.
  • Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria: Bizi zaren herri berean inskribatuta ez bazaude.
  • Errolda agiria. Adinez nagusia ez bazara, gurasoena ere bai.
  • Familia liburua eta haren fotokopia: Ezkonduta bazaude edo/eta seme-alabarik baduzu.
  1. Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian emanen dizuten eskaera orria zure datuekin bete.

Tramitazioa bukatu ondotik Nortasun Agiria eta gainerako dokumentazioa berritzen ahalko duzu.

Irazoqui, Urquiola, Goicoechea, Echenique, Echeverria… Zure abizena horietako bat da? Zenbat aldiz pentsatu duzu abizena euskaratu beharko zenukeela?

Nola idazten da zure abizena euskaraz?

Normalean abizena aldatzeko eskaera egiten den bake epaitegiko edo erregistro zibileko arduradunak Euskaltzaindiak onartutako zerrendan eginen du kontsulta eta horko irizpideei jarraituko die. Baina ez da beti horrela: adibidez, Euskaltzaindiaren zerrendan Muxika agertzen da baina zenbait kasutan forma desberdinak onartu izan dira (Muxika, Mujika…). Zalantza izanez gero, norberak Euskaltzaindian bertan egin dezake kontsulta. Webgunean sartuz gero (euskaltzaindia.eus), hizkuntza baliabideen atalean, deituren atalera jo behar da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun