Bi urte desberdin, bi agindu, helburu bakarra: euskara baztertu, zokoratu eta desagerrarazteko bidean bertze urrats bat. Euskal abizenak desitxuratu, euskal itxura gal dezaten, noren menpe gauden argi geldi dadin. Euskal izenak paratzea debekatu zuten, baina abizenak ez dira debekatzen ahal, «emana» heldu baitzaigu. Hortaz, euskal kutsua kentzeko, euskal hizkiak debekatzea izan zen hartu zuren bidea: suprimiendo k,tx,b. Etxeberri dena Echeverri- Etcheverry bihurtuz, Haranburu dena, Haramburu-Harambourou.
Estatu batek (gure kasuan bik) agindua ematen badu beraien hizkuntzako grafia erabili behar dela hizkuntza horretakoak ez diren abizenak izendatzeko, uste duguna baino inportanteagoa da euskal abizenak euskal grafiaz paratzearena.
Zorionez gaur egun ez dugu inolako arazorik euskal abizenak euskal grafiarekin paratzeko. 1936. urteko aginduaren beharrik ez du 2022ko euskaldunak. 80 urte baino gehiago pasatu dira frankismoak bi agindu horiek eman zituenetik, baina oraino bizirik baleude bezala segitzen dugu euskal abizenak gurea ez den grafiarekin eskribitzen: Echave, Eliceche, Urchulutegui…
Ez dakit euskaraz alfabetutako irakurleren bat ote den begiko minik egin gabe hori leitzen duenik, erantzuna baiezkoa bada, zinez erraten dizuet, ez dela nire begien arazoa, ez dela nire «kapritxoa» euskal hitzak euskal grafiaz eskribitu behar direla aldarrikatu behar izatea. Ez bederen, D ereduan lanean ari bagara. Edozein dela ere ematen dugun ikasgaia, hizkuntza dugu gure lanabesa, hortaz, guztiok gara euskara irakasle. Pentsatzen baitut euskaldunak izanagatik eta D ereduan egonagatik, inork ez duela Xexpir eta Bazkez modu horretara eskribituko. Pensatcen dut icasgay desverdinateco eduquiac arvelean escrivitceracoan gure izquiak erabilyco ditugula icasgaya azalceco.
Hizkuntza estandar bat sortzeko lehenbiziko pausoa alfabetoa zehaztea izaten da, gure kasuan, euskara batua sortzeko bilkuretan, 1964an Baionako biltzarrean euskarak izanen zituen hizkiak zehaztu ziren, eta C, QU, V, W eta Y erdal izenak idazteko erabiliko direla dio arauak.
Celayetatik Zelaietarat dagoen diferentzia ez da hizkietan bakarrik neurtzen.