Egunotan hartuko duzue etxean Ttipi Txartel berria

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 15a, 10:00

2025-2026ko Ttipi Txartelak kolore berde iluna izanen du. Honek azken bi urteotako laranja ordezkatuko du.

Gutun azal berde batean, egunotan hainbat dokumentu hartuko dituzte kideek: Ttipi Txartel berria, eskuorri bat deskontuak eskaintzen dituzten zerbitzu eta denden zerrendarekin eta 2024ko Errenta Aitorpenean aurkezteko desgrabazioaren ziurtagiria

Gure eskualdeko herritarrek eta erakundeek dituzten informazio eta komunikazio beharrei erantzutea da Ttipi-Ttapa Fundazioaren helburua, eta, bidenabar, euskararen normalizazioan eta estandarizazioan laguntzea. Baina helburu hori bere dimentsio osoan gauzatzea ezinezkoa litzateke gure komunitatea osatzen dugun guztion laguntzarik gabe. Elkarlan hori dinamizatzeko sortu genuen 1997an Ttipi Txartela, irabazi-irabazi dinamika baten bitartez komunitateko partaideak elkarren artean zaindu, lagundu eta indartzeko: bazkide-harpidedunak, eskualdeko komertzioak eta Ttipi-Ttapa Fundazioaren komunikazio proiektuak.

Zein abantaila dituzte TTIPI-TTAPA / ERRAN.EUSeko Kide direnek?

Dagoeneko Kide egin direlako, ia 4.000 lagunek sustengua ematen diote TTIPI-TTAPAri eta ERRAN.EUSi. Horiek denek laster hartuko dute etxean 2025-2027ko Ttipi Txartel berria (kolore berde ilunekoa). Eta txartel berriak eta kide izateak, gainera, abantaila mordoa ekarriko dizkie TTIPI-TTAPAri eta ERRAN.EUSeko lagun egin diren guztiei:

  • Urtean 24 aldizkari etxean edo lantokian hartzeaz gain, ERRAN.EUSen TTIPI-TTAPA aldizkarien PDF aberastuak (argazki galeriekin, audioekin eta bideoekin aberastuak) mugikorrean ikusteko aukera.
  • Deskontu garrantzitsuak ia 60 zerbitzu eta komertziotan;
  • Urtearen buruan kideen artean egiten ditugun ia 300 zozketatan sari ederrak irabazteko aukera.
  • ERRAN App-a mugikorrean instalatuz gero, Ttipi Txartel digitala App-an bertan; eskualdeko kultur agenda kontsultatu eta intereseko gaiak eta herriak lehenesteko aukera; zozketa guztietan zuzenean parte hartzeko aukera; TTIPI-TTAPA aldizkariaren PDF aberastuak ikusteko aukera; argazkiak, audioak eta bideoak deskargatzeko aukera; lehentasun eta abantaila bereziak kideentzat…
  • Laster ERRAN.EUSeko premium edukiak gainerako erabiltzaileek baino lehen irakurtzeko aukera.
  • Laster Erran buletinetara harpidetzeko aukera: asteko berri garrantzitsuenekin eta asteburuko agendarekin.
 
Zertarako balio du Ttipi Txartelak?

Txarteldunek eskualdeko komertzioetan eta zerbitzuetan erosketak egiteagatik deskontuak eta abantailak dituzte. Ttipi Txartelak ahalik eta gehien erabiliz eta herriko komertzioetan kontsumituz, tokiko ekonomia bultzatuko dugu eta elkar zaintzen duen komunitate honetan parte hartzaile aktibo bihurtuko gara.

Txarteldunek, gainera, aldizkarian hamabortzero egiten ditugun zozketetan parte hartuko dute automatikoki eta, aukeran, baita Erran.eusen edo ERRAN App-an noiznahi egiten diren zozketa puntualetan ere (ikuskizun, kontzertu eta antzerki emanaldietarako sarrerak, Errigorako saskiak, erregai bonuak...).

Ttipi-Ttapa Fundazioaren lagun diren erakundeen, enpresen eta komertzioen eskuzabaltasunari esker, urtean 300 opari baino gehiago zozketatzen ditugu.

Non erabiltzen ahal dut Ttipi Txartela?

Hurrengo egunotan hartuko duzu etxean gutun azal berde bat eta, barrenean, txartel berriarekin batera, baita eskuorri bat ere. Eskuorri horretan dituzu deskontuak eskaintzen dituzten zerbitzuen eta komertzioen zerrenda osoa.

Zer-nolako denda eta zerbitzuek eskaintzen dituzte deskontuak?

Abantailak eta deskontu garrantzitsuak eskaintzen dituztenen artean, badaude auto tailerrak, fisioterapia zentroak, optikak, kiroldegiak, arropa dendak, autoeskolak, burdindegiak eta eraikuntzako materialen enpresak, estetika zentroak, kirol dendak, lore dendak, liburu dendak, oinetako dendak eta bertze hainbertze.

Zenbat tokitan erabili ahal izanen dut txartela?

2025-2027an eskualdeko 55 komertzio eta zerbitzu baino gehiagotan erabiltzen ahal izanen da.

Zer egin behar dut Ttipi Txartela lortzeko?

ERRAN.EUS atarian sartu eta KIDE EGIN loturan izena eman eta bidali. Laster jarriko gara harremanetan zurekin eta behar dituzun azalpen guztiak emanen dizkizugu.

Zergatik egin kide? Zer sinbolizatzen du Ttipi Txartelak?

TTIPI-TTAPA / ERRAN.EUSek hamarkadak daramatza BERTAKO informazioa eta berriak BERTAKO hizkuntzan zabaltzen, komunitateari kalitateko informazioa eta intereseko zerbitzuak eskaintzen, BERTAKO gizarte, kirol eta kultur eragileekin eta tokiko erakundeekin elkarlanean. Elkarren beharra dugu. Baina garai berriekin sortzen diren erronkei eta behar berriei erantzun profesionala emateko, denon sostengua beharrezkoa dugu. Horregatik, Ttipi Txartela da gure komunitatearekin bat egiten duten kideek duten bereizgarria. Laguntzen duenari laguntzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun