Altxa Burua ekimenak 2019an Gipuzkoan eman zituen lehenbiziko pausoak, Tolosan zehazki, eta geroztik, Gipuzkoa osora ez ezik, Bizkaira eta Arabara zabaldu da, baita Leitzara eta Aresora ere. Nafarroako Mugarik Gabeko Nerabezaroa elkartea, berriz, aurten sortu dute. Gaur egun elkarteko presidentea den Susana Herediak gaiaren inguruan sentsibilitatea duten gurasoekin Whatsapp talde bat sortu zuen. Bazterrak ederki harrotu zituen, milaka familiak bat egin baitzuten ekimenaren. Ekainean elkartea sortu zuten. Eskualdean ere antolatzen hasi dira gurasoak: Baztanen martxan dira, Altxa Burue Leitza eta Areso taldea sortu dute, Bortzirietan Gotti Burua Bortziriak...
Izen bat edo bertzea, baina bi taldeak elkarlanean ari dira eta helburua garbi dute: sakelakoa erabiltzen hasteko adina gibelatzea, eta emateko adina ailegatzen denean, erabileraz kontzientzia sortzea, Nafarroako Mugikorrik Gabeko Nerabezaroa elkarteko kidea den Jose Luis Asensiok dioen bezala, «gaztetxoek mugikorra zertarako den eta zer arrisku dituen jakiteko. Kristoren makina da eta baditu arriskuak».
Hiru ardatz
UNICEFek, 2020ko azarotik 2021eko martxora, Nafarroako DBHko hamabi ikastetxetan 11 eta 18 urte bitarteko gaztetxoekin egindako ikerketaren arabera, Nafarroan 11 eta 12 urteren bueltan ematen diete lehenbiziko mugikorra. Adina baino gehiago, mugikorra eman aitzinetik «hiru ardatz» kontuan izateko gomendatu du Asensiok: heldutasuna, hezkuntza eta aparatua. «Heldutasuna adinari lotua izaten ahal da. Gaur egun, ez da mugikorra mateko adin egokirik finkatu. Akaso, 16 urterekin adin aproposa izaten ahal da, baina ez naiz ausartzen ozen erratera, erlatiboa baita, eta oraindik ez dugu hagitz garbi. Kontua da nerabeek heldutasuna behar dutela».
Nerabeei mugikorra emateko bidean laguntzeko, helduentzako gida prestatua du Izarkom kooperatibak. Sarean dago edozeinen eskura (www.izarkom.eus). Hainbat adituk egindako lana da eta horren arabera, «mugikorra emateko adin egokia 16 urtetik aitzinera da, eta ahal dela, 18 urtetik aitzinera. Neurologoek diote 16 urtetik aitzinera lortzen duela gure garunak halako gailu bat egoki erabiltzeko heldutasuna».
Hezkuntza da Asensiok aipatu duen bigarren ardatza: «Autoko edo motoko gidabaimena ateratzeko azterketa prestatu behar izaten dugu. Eta mugikorra izateko, igual ez da azterketa gainditu beharrik, baina nerabeek zer arrisku dauden jakin behar dute». Eta hirugarren ardatza telefonoa bera da. «Hiru horiek bermatuak direnean, orduan bai nolabaiteko lasaitasuna sentitzen ahal duzu mugikorra ematerakoan. Baina heldutasunik eta formaziorik hartu gabe, telefono mugikorra emanez gero, gazte horri edozein gauza gertatzen ahal zaio. Interneten denetarik dago, eta haur bati sakelakoa libreki erabiltzen uzten badiogu, denetarik ailegatzen ahal zaio».
Lehenbiziko mugikorra
Lehenbiziko mugikorra eman aitzinetik, Izarkomen gidan bildu duten ibilbide orriaz ere aritu da Asensio: «12 urterekin lehenbiziko kontaktua gurasoen mugikorrarekin egiten ahal dute, denbora tarte mugatuan. Ondotik, gazteari familian erabiltzeko den gailua hartzeko aukera ematen ahal zaio, baina ez pertsonala; aitzinerago telefono propioa edukitzen ahal du, hasieran etxean erabiltzeko, eta ondotik, etxetik kanpo, baina baldintza jakin batzuekin, adibidez, logelan ez sartu, otorduetan ez erabili, datu guttiko tarifarekin, denbora tarte jakin batean...». Asensioren hitzetan, «garrantzitsua da erabilera mugatzea eta aitzinera egiten erakustea», gisa horretara «erantzukizunez jokatzeko». Bide horretan, «gurasoak eredu» izatearen garrantzia azpimarratu du: «Gazteei gauza bat eskatzen badiegu, guk ere gauza bera egin behar dugu. Aunitzetan aitzakiak paratzen ditugu mugikorra erabiltzeko, lana dela, behar dugula... Gazteek guttienez gauza bera eginen dute».
Arriskuak
Adingabeei sakelakoa ematearen ondorioez galdetuta, «arriskuak aunitz» direla ohartarazi du Mugarik Gabeko Nerabezaroa elkarteko kideak: «Gazteen garapenean mugikorrek ez dute deus laguntzen. Interneterako sarbidea duten mugikorrek aukera pila bat dituzte, helduok aunitzetan ez dakizkigu kudeatzen, eta gazteek oraindik guttiago». Ondorioen zerrenda luzea bildua dute Izarkomen gidan: «Smartphone bat gehiegi erabiltzearekin lotutako arriskuak adikzioa eta ziberjazarpena dira batez ere, eta horiek aldi berean bertze arazo batzuk sortzen ahal dituzte, hala nola, familia isolamendua, errutina eta zaletasunetan aldaketak, loaren alterazioak, eskola porrota, umore eta gizarte harremanetan aldaketak, estresa teknologia eskura ez dagoenean, antsietatea eta depresioa, autolesioak eta jarrera suizida, dementzia digitala, motibazioa moteltzea, frustrazio gaitasuna zigortzea, hizkuntza eta komunikazio gaitasunak pobretzea...».
Bide beretik jo du Asensiok. Hezkuntzari lotuta, honela erran du: «Arratsetan gazteak telefonoarekin ibiltzen dira eta ikastetxean nekatuak daudela eta arreta galtzen dutela ikusi dute». Horrekin batera «edozein gauza eskura» dutela gaineratu du: «apustu etxeak, drogak, pornografia...». Harremanak izateko modua ere aldatu dela dio: «Interneten bertzeekin egoten dira, baina hori ez da fisikoki norbaitekin egotea bezala. Taldeko eta bikote arteko harremanak aldatu dira eta ez dela ona ondorioztatu dute». Gisa berean, mugikorrak sortzen duen «dependentzia» eta «buruko osasunean duen eraginaz» aritu da: «Gero eta arazo eta nahasmendu gehiago sortzen dira. Sare sozialetan ere presio handia sentitzen dute. Denok nahi dugu bertzeek guri buruz ongi solastatzea, like ematea, eta nerabeek oraindik gehiago. Euren adinean nortasuna garatzen ari dira eta sare sozialen kontu horrek eragin handia du. Depresio kasuak, elikadura arazoak, euren buruari min egiten dioten kasuak... ikusten ari gara. Zaila da ondorio bakarraz mintzatzea».
Ekimenak
Egoerari buelta eman nahian, hainbat bide lantzen ari dira Mugikorrik Gabeko Nerabezaroa elkartean. Konparazio batera, kontzientzia zabaltzeko eta ondorioez ohartarazteko jardunaldiak egin dituzte. Horrez gain, euren atarian (www.almna.org) bi inprimaki eredu zintzilikatu dituzte; edozeinen eskura daude. Horietako batek gurasoen arteko konpromisoa adierazten du: «Idatzi hori sinatuta guraso batzuek bertzeei promes egiten diete ez dietela hilabete batzuez seme-alabei mugikorrik erosiko. Taldean indarra egitea errazagoa da, eta hartara, gurasoek ikusiko dute mugikorrik ez duten bakarrak ez direla euren seme-alabak». Bertze inprimakia seme-alabekin sinatu beharrekoa da: «Lehenbiziko mugikorra erosten denean kontratu moduko bat egiten da, arau batzuk paratuz, gazteak jakin dezan telefonoa noiz eta nola erabili behar duen. Sinbolikoa da, baina balio du».
Deitu etxera kanpaina ere martxan dute. «Haurrak bakarrik ibiltzen hasten direnean, aunitzetan etxera deitzeko zerbait behar dutela erraten dute. Deitu etxera kanpainaren bitartez, dendek eta zerbitzuek pegatina eskatzen ahal dute, eta horri esker gazteek badakite pegatina hori dagoen tokietan telefonoa eskura dutela etxera deitzeko». Elizondon eta Leitzan bederen, martxan dute.
Bide beretik doa Mugikorrik Gabeko Espazioak kanpaina. Norbaitek negozioren bat edo aisialdirako tokiren bat baldin badu, eta mugikorrik gabeko espazio izendatu nahi badu, hori adierazten duen pegatina eskatzen ahal du. Gehiago ere bai. Nafarroako Gobernuak ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtu ditzan, sinadurak biltzen ere ari dira.
Horretaz gain, «saretzen eta martxan dauden taldeak lokalizatzen» ari omen dira elkartean eta «guraso elkarte eta ikastetxeetara informazioa bidali» dutela adierazi du Asensiok. Erantzun ona izan dute; «mezu aunitz hartu ditugu». Elkarteak zuzendaritza eta hainbat lantalde dituela ere azaldu du: «Dena boluntarioekin egiten dugu eta norbaitek lagundu nahi badu, esku zabalik hartuko dugu».
Ardurak
Gai honetan ardura nork duen galdetuta, «geruza aunitz» dituen afera dela erantzun du Asensiok: «Haur bati telefonoa ematen edo uzten diona ama, aita edo tutorea da. Haurrak ez du telefonorik izanen gurasoek edo tutoreak ematen ez badio, edo bertze bati telefonoa ematen uzten ez badio». Horren bueltan «aitzakia pila» paratzen direla gehitu du: «presioa, honetarako edo hartarako behar duela, bakarrik doala... Baina azken erantzukizuna gurasoek dute». Hala ere, ez dira gurasoak arduradun bakarrak. «Bertzelako faktore batzuek ere badute erantzukizuna. Alkoholaren eta tabakoaren inguruan, adibidez, gurasook badugu erantzukizuna, baina legeak hori kudeatzen laguntzen du. Eta telefonoarekin berdin. Horregatik bultzatu nahi genuke ikastetxeetan telefonorik ez sartzeko ekimena legez arautua izatea. Horrek ikastetxeei eta gurasoei lagunduko lieke, legerik gabe ikastetxeek ere euren mugak dituztelako». Bide batez, ikastetxeetan erabiltzen dituzten bertze gailuak ere aipatu ditu: «ordenagailuak, chrombookak, pantailak... Gu telefonoarekin hasi gara eta badugu nahikoa oraingoz, baina digitalizazioaren arazoa konplexuagoa da. Dena erlazionatua dago eta ikuspuntu globalagoa behar da».
Saretzeko deia
Bertze hausnarketa bat ere mahai gainean paratu du: «Teknologia hagitz agudo doa, kontrolik gabe. Hasieran denok kontent hartu genituen mugikorrak; pentsa, debalde eman zizkiguten! Iduri zuen guretzat onak izanen zirela. Baina zer gertatu da? Denborarekin ikusi dugu jendearen datuekin eskrupulurik gabeko kudeaketa egin dutela. Menpekotasun hori lortu dutenean, bertze gauzetan hasi dira, bertzeak bertze, profilen datuak saltzen. Manipulatu gaituzte, baina pasatu ondotik ohartu gara horretaz, arazoa sortu ondotik». Honela gehitu du: «Gobernuak legeak egiteko beldur dira, badakitelako aunitzek ez dutela ongi hartuko sakelakoaren erabilera mugatzea. Eta bertzetik, ondorioekin kezkatuak daude. Neurtzen ari dira». Bada egoera horretan, mugitzeko eta saretzeko deia egin du: «Kezka iduritsua dugunak aunitz garela ikusten badute, presio gehiago egiten ahal da».
Helburua argi izanda, bateko eta besteko ateak jotzen ari dira. Mugimendua hasi bertzerik ez da egin, eta itxura guzien arabera, hazten joanen da.