ALTXA BURUE leitza eta areso

«Sei hilabetez mugikorra ez erosteko proposamenak erantzun ona izan du»

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 21a, 14:00

Mugikorra atzeratzeko konpromisoa hitzetatik ekintzetara pasatu berri dute Leitzan eta Areson. «Mugikorraren erabilera desegokiak edo gehiegizkoak izan ditzakeen ondorioekin» kezkatuta, Leitzako eta Aresoko hainbat gurasok duela gutxi sortu dute Altxa Burue Leitza eta Areso taldea, eta talde hori izan da mugitzen hasi dena.

Lehenbiziko pausoa Eguberrietatik ekainera gurasoek mugikorra atzeratzeko konpromisoa hartzea izan da. Horrekin batera, Deitu etxera ekimena eskuz esku hartuta, Leitzan etxera deitzeko puntuak jarri dituzte gaztetxoentzat.

Zuen inguruan nerabeek zer harreman dute mugikorrarekin?

Adinaren arabera oso ezberdina da. Ikerketek diote erabilera ordu asko pilatzen direla egunero, eta bertan ikusi eta hartzen dituzten edukietako asko desegokiak direla adin tarte horretan dauden gazteentzako. Mugikorraren erabilera desegoki edo gehiegizko horrek izan ditzakeen ondorioek kezkatzen gaituzte. Adituen arabera, arriskuak asko dira: kontzentratzeko zailtasunak, loaren alterazioak, motibazioa moteltzea, harremanetarako zailtasunak...

Berriki, mugikorra atzeratzeko konpromisoa hartu duzue. Kontatu...

Bai, gurasoekin sei hilabetez mugikorra ez erosteko konpromiso proposamen bat egin dugu eta erantzuna ona izan da. Orain horri jarraipena ematea da helburua. Hurrengo konpromisoa maiatzean eginen dugu, ekainetik Eguberrietara mugikorrik ez emateko.

Noiz hasi zineten mugitzen?

Duela hilabete inguru, Telmo Lazkanok Leitzan eman zituen hitzaldi batzuen harira. Aurretik ere gai honen inguruan kezkatutako guraso batzuk bildu ziren, baina pixkanaka gauza moteltzen joan zen. Orain berriro elkartu, beste batzuk bildu eta, ilusioz eta gogoz hasi gara.

Gurasoen artean erantzun ona izan duzue?

Gurasoen artean, orokorrean, harrera ona izan du. Gaur egun, pil-pilean dagoen eta kezka sortzen duen gaia da. Beste herri batzuetan ekimen ugari jarri dituzte martxan eta horrek asko laguntzen du. Taldean beti errazagoa da.

Baduzue inguruko taldeekin harremanik?

Gizarte Zerbitzuetako prebentzio teknikariaren laguntzarekin, inguruko eskualdeekin harremanetan jarriak gara egoeraren berri izateko. Aurrera begira, elkarlanean aritzea da helburua. Gazteek, institutuan, lehen baino harreman gehiago izaten dituztela kontuan izanda, garrantzitsua ikusten dugu.

Zer egiten ahal dute ikastetxeek?

Ikastetxeak mugikorrik gabeko gune izendatzea da helburua. Horretarako beraiekin elkartu eta bide orri bat landu beharko litzateke, gaia ikasleekin landu eta elkarlanean, familiak prestatu, bai institutuan, bai eskoletan. Ez da egun batetik bestera egin daitekeen gauza bat, baina eragina izugarria izan daiteke eta atal horri ere garrantzia eman behar zaio.

Administrazioak zer egiten ahal du?

Momentuz, gizarte zerbitzuekin elkarlanean ari gara. Aurrerago ikusiko dugu administrazioak ematen dituen aukeren artean zer ate jo ditzakegun.

Gurasoei zer mezu emanen zeniekete?

Gure gazteen heziketa eta hezkuntza prozesuan eragin haundia izan dezakeen gaia dela, eta beraz, gurasook dagokion arduraz jokatu behar dugula.

Etorkizunera begira zer asmo dituzue?

Mugimendu honen helburu nagusia gazteei mugikorra emateko adina ahalik eta gehien atzeratzea da. Honetaz gain, mugikorraren erabilera egokiari buruz gazteak eta gurasoak heztea ere bada eman nahi dugun beste pausoetako bat.

Zerbait gehitu nahi duzue?

Gure kasuan, Leitzan, inguruko herrietako gazteek eskolaz kanpoko jarduerak izaten dituztenez, beste herri batzuetan egin den bezala, aurrerantzean, Leitzan etxera deitzeko puntuak izanen ditugu zenbait komertziotan eta eraikin publikotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun