Zerk kezkatzen zaituzte?
Karrikan gaztetxo kuadrilla bat ikusi eta denak mugikorrarekin pantailari begira ikustea tristea da. Gero eta gazteagoak dira mugikorra duten haurrak. Arriskuak aunitz dira eta erabilera okerrak kezkatzen nau: mugikorrak eskaintzen duen entretenimenduaren menpe gelditzea erraza da, eta hala, denbora nola pasatu ez jakitea, dependentzia, eduki batzuk kudeatzen ez jakitea, erabilera okerra ematea, oraino garatu gabe dauden garunetan izaten ahal diren kalteak... Arriskua Interneten eta sare sozialetan dago.
Erabilera egokiak nolakoa izan behar luke?
Gurasook ez dugu aski informazio egiatan arriskuak zein diren jakiteko, gure belaunaldia ez baita horrekin hazi. Hasteko, mugikor bat ematea erabakitzen dugunean sare sozialetako aplikazio bakoitza zein adinetarako egina den jakin beharko genuke, gehienak 14 urtetik goitikoendako direla, adibidez. Bertzetik, arras garrantzitsua iruditzen zait bertze norbaitekin gaudenean momentu hori errespetatzea, tartean pantailarik gabe, lagunekin gaudenean eta otorduetan, adibidez.
Zer bide egin duzue?
Amaiurren duela bi urte inguru hasi ginen gaiaz solastatzen, gure seme-alabek hamar bat urte zituztenean. Ahozko konpromiso bat hartu genuen, ez geniela sakelakoa automatikoki institutura joateagatik bakarrik emanen. Hasmentako ideia 14 urteak arte mantentzea izan zen. Ondotik, Nafarroan sortu zen mugimendua ezagutu nuen eta ikasturte hasmenta honetan bilerak egin ditugu guraso elkarteekin. Herri guzietan gaia jorratzea nahi dugu.
Sakelakoaren erabilera gibelatzeko zer proposatuko zenuke?
Baztanen, alde batetik, komertzio batzuetan pegatina bat paratu dute edozein haurrek etxera deitu nahi badu telefonoa eskatzen ahal duela jakiteko. Bertzetik, Baztango eskoletako guraso zenbait elkartu eta konpromiso orri bat zabaldu dugu herri bakoitzean gurasoak gaiaz solastatu eta urte bat iraunen duen konpromisoa hartzeko. Mugikorra beranduagoa ematea erabakitzen duten familiak zenbat eta gehiago izan, orduan eta errazagoa da erabilera gibelatzea. Baztan Ikastolan ere gaiaren inguruan lanketa polita egin dute.
Zer giro sumatu duzu?
Guraso aunitzen kezka dela ohartu gara eta elkarren babesa izatea eskertu dugu.
Zer eskatuko zenieke ikastetxeei?
Lekarozko institutuan, adibidez, mugikorrak debekatu dituzte, eta horrek arazoak murriztuko dituela iruditzen zait. Ongi legoke, ikastetxeetan gaiari buruz hitzaldiak ere antolatzea, Interneten eta sare sozialen onurak eta arriskuak esplikatzeko.
Eta administrazioari?
Aplikazioetan kontrol gehiago izatea nahiko nuke. Horrez gain, gurasoondako informazio hitzaldiak behar dira.
Zerbait gaineratuko zenuke?
Ardura handiena gurasook dugu. Gu gara haien eredu eta gehienetan beraien aitzinean sakelakoa behar baino gehiago erabiltzen dugunak. Guk erosten dizkiegu mugikorrak, eta horrek ardura handia eskatzen du. Nola erabili behar den esplikatu behar zaie, arriskuak aipatu. Gizarteak gai honek dituen ondorioen inguruan hausnartzea gustatuko litzaidake.