Azaroak 25

Indarkeria bikarioa: indarkeria matxista moten artean krudelena

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 23a, 09:00

Argazkiak. Freepik.

Azaroaren 25aren harira, indarkeria bikarioari erreparatu diote aurten Nafarroako berdintasun zerbitzuek. Indarkeria mota horrekin emakumeak maite dituzten pertsonak erabiliz zigortzen dituzte, bereziki seme-alabak erabiliz. Biktima baten lekukotasuna ere bildu du TTIPI-TTAPAk.

«Indarkeria matxistaren modurik krudelenetakoa eta suntsitzaileenetakoa da». Hitz horiexek erabili dituzte Nagore Huegun Ibarbiak, Irune Altxu Arozenak eta Eider Perez de Heredia Goñik indarkeria bikarioa hizpide hartuta. Bortzirietako berdintasun teknikaria, Malerrekako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako gizarte hezitzailea eta Baztango Udaleko berdintasun teknikaria dira, hurrenez hurren, eta azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna dela oroituz  haiekin bildu da TTIPI-TTAPA.

Nafarroako berdintasun zerbitzuek indarkeria bikarioan jarri dute aurten arreta, «oraindik ere ez delako arras ezaguna eta entenditua». Honela esplikatu dute zer den: «Gizon batek emakumearendako garrantzitsua den eta lotura emozional handia duen pertsona edota animalia baten edo batzuen kontra erabiltzen duen indarkeria da, mina emateko helburuarekin». Zehaztu dute «bigarren mailako indarkeria» dela, «emakumearen aurkako mina hirugarrengo pertsonen bitartez eragiten baita, batez ere, seme-alaben bitartez. Erasotzaileak kontrol eta manipulazio tresna bihurtzen ditu haurrak, ama kaltetzeko, baldintzatzeko eta kontrolatzeko helburu bakarrarekin». Gisa honetara, «erasoaren inpaktu emozionala maximizatzen dute eta kasu aunitzetan, ondorio latzak eragiten ditu».

«Jendarteak entenditu behar du biktimendako dakarren muturreko sufrimendua, eta ohartu behar dugu indarkeria hau prebenitu eta desagerrarazi behar dugula».

Gaiaren larritasuna ikusita, hori bistaratu nahi izan dute aurtengo azaroaren 25aren bueltan: «ezin delako gehiago esperatu. Jendarteak entenditu behar du biktimendako dakarren muturreko sufrimendua, eta ohartu behar dugu indarkeria hau prebenitu eta desagerrarazi behar dugula».

Ezezaguna

Ez da aspaldikoa indarkeria bikarioa terminoa. Huegunek, Altxuk eta Perez de Herediak kontatu dutenez, «azken urteotan hartu du garrantzia, nahiz eta praktika betitik izan den.  Sonia Vaccaro psikologoak bulkatu zuen, definitu eta errealitate ikusezin horri ahotsa emanez».

Bertze indarkeria mota batzuekin konparatuta, ez da hain agerikoa. Eta zergatik? Bada berdintasun teknikarien eta gizarte hezitzailearen ustez,«adingabeen kontrako indarkeria kasu isolatutzat hartzen delako, eta ez delako entenditzen emakumeari eraso egiteko estrategia zuzena dela eta egiturazko gaiei erantzuten diela. Jendartea oraindik ez dago batere ohitua indarkeria mota honek amengan duen inpaktu emozionalarekin». Ez da hori bakarrik: «Estereotipo eta aurreiritzi patriarkalen ondorioz, indarkeria honen gibelean dagoen intentzionalitatea minimizatu edo ez ikusiarena egiten ahal da, eta horrek zaildu egiten du indarkeria matxistaren eta seme-alabei egindako kaltearen arteko lotura aitortzea».

Icebergaren punta

Datuak ikaragarriak dira. Espainiako Estatuko txosten bateko datuak paratu dituzte mahai gainean Perez de Herediak, Altxuk eta Huegunek: «2013tik 2024ko urriaren 14ra aita biologikoek, bikotekideek edo amaren bikotekide ohiek 63 haur hil dituzte, eta aurten dagoeneko hamar dira, orain arteko kopururik handiena». Kopurua «izugarria» dela diote, eta horregatik uste dute «gizarte osoak hausnartu» beharko lukeela: «Indarkeria matxista da, emakumeak zauritzeaz gain, zoritxarrez, mina eragiteko moduetan mugarik ez duena». Horri erantzuteko «berehalako ekintzak» exijitu dituzte, «emakumeak eta haien seme-alabak babesteko», eta «legeak modu eraginkorrean aplikatzeko eta babeserako baliabideak indartzeko» ere eskatu dute, « tragedia gehiago ez gertatzeko». Horren harira, zehaztapen bat: «Adingabeen hilketak dira gehien bistaratzen direnak, baina tragediak ez dira hilketak bakarrik. Min handia dago icebergaren puntaren azpian».

«Adingabeen hilketak dira gehien bistaratzen direnak, baina tragediak ez dira hilketak bakarrik. Min handia dago icebergaren puntaren azpian»

Legea aplikatzerakoan arrakala

Legearen eta horren aplikazioaren arteko arrakalaz ere mintzatu dira. Bi lege hartu dituzte hizpide: Alde batetik, 2021ean onartutako Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Osorik Babesteko Lege Organikoa. Lege horrek «genero indarkeriagatiko ikerketetan edota epaietan, bisita erregimena eteteari ematen dio lehentasuna, baina 2022ko datuen arabera, neurri hori kasuen % 8an baino ez da aplikatu». Hala, «pausoak eman diren arren, oraindik ere tarte handia dago legeak lortu nahi duenaren eta aplikatzeko moduaren artean, adingabeak erasotzaileen eskuetan babesik gabe uzten direlako eta seme-alabak babestu nahi dituzten amak indargabetuta eta eskuak lotuta». Bertzetik, «Nafarroako legean indarkeria bikarioa ez da indarkeria moten artean aipatzen».

Gabeziak

Lege kontuetatik haratago, badira bertze hutsuneak. Konparazio batera, «identifikazioan, esku hartzean, justizian eta haurren babeserako sistemetan lan egiten dugun profesionalon prestakuntzan dauden gabeziak» aipatu dituzte, baita «jendartean indarkeria bikarioaz sentsibilizatzeko dauden gabeziak» ere. Ez da hori bakarrik. «Kasu horiek identifikatzeko eta behar bezain agudo eta irmo aritzeko protokolo espezifikoak falta dira». Eta gainera, «erabaki judizialek genero aurreiritzien eragina izaten dute aunitzetan, emakumeen testigantza minimizatzen baitute, eta zaildu egiten dute bisitak etetea edo indarkeria bikarioa auzitegietan aitortzea eta zigortzea».

«Gurea bezalako eremuetan, emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta artatzeko erronkak areagotu egiten dira giza baliabiderik, baliabide fisikorik eta ekonomikorik ez dagoelako»

Hutsuneak aipatuta, orokorrean, emakumeen kontrako indarkeriari erantzuteko indarkeriari erantzuteko landa inguruneek dituzten «erronka espezifikoez» aritu dira:«Gurea bezalako eremuetan, emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta artatzeko erronkak areagotu egiten dira giza baliabiderik, baliabide fisikorik eta ekonomikorik ez dagoelako». Nafarroan zerbitzu espezializatuetan «eskaintza mugatua» delakoan daude; bada, «gabezia hori are nabarmenagoa da hemen, geografikoki sakabanatuta egoteak eta mugitzeko zailtasunek oztopo handia baitira. Indarkeria egoeretan dauden emakumeek erronka handiak dituzte epaitegietara, adingabeen bisitetarako topaguneetara edo laguntza zerbitzuetara joateko; izan ere, zerbitzuak urruti egon ohi dira, eta ez dute garraio publiko egokirik». Hiru kideek salatu dute garraio propioaren edo laguntza sareen menpe daudela, eta horrek indarkeria ingurutik ateratzea gibelatu edo eragotzi dezake». Gehiago ere bai: «Landa komunitateetan anonimotasun ttikiagoa izateak eta estigma sozialek areagotu egiten ahal dute salatzeko eta laguntza bilatzeko duten errezeloa». Hortaz, «hurbileko irtenbideen» garrantzia nabarmendu dute, «laguntza integrala modu irisgarrian eta diskretuan emateko».

Gabeziak gabezia, euren aldetik, ahal dutena egiten saiatzen ari dira, eta indarkeria bikarioa berriz erdigunera ekarrita, hori «bistaratzeko sentsibilizazio kanpainak, formazioa eta informazioa eskaintzen eta profesionalen prestakuntza indartzen» ari dira, bertzeak bertze, «gizarte zerbitzuetan, hezkuntzan eta osasunean, goiz detektatu eta lantzeko». Horrekin batera, «badira laguntza psikologiko, juridiko eta sozialeko zerbitzuak, emakumeek eta haien seme-alabek indarkeria mota hau gainditzeko eta beraien autonomia berreskuratzeko nahitaezkoak direnak».

Aski da

Mezua argia da: «Ezin dugu emakumeen aurkako indarkeriarik onartu, eta bikarioena ez da salbuespena». Aukera probestuz, «emakumeen eta adingabeen aurkako edozein indarkeria ez onartzeko eta horiek prebenitzeko erantzukizun kolektiboa euren gain hartzeko» deia egin diete herritarrei. «Denok gara dinamika eta egitura honen parte, eta denok dugu zer pentsatu, zer aldatu eta zer egin. Informatu, formatu eta esku hartu dezagun. Ez ditzagun begiak itxi oinazearen eta bidegabekeriaren kontra. Aski da!».

Laguntza eskatzeko zer?

Indarkeria kasuetan laguntza eskatzeko deia egin dute teknikariek eta hezitzaileak: «Horrelako egoerak sufritzen badituzu, zure ezagunen eta senideen artean horrelakoak gertatzen badira, edozein indarkeria matxista sufritzen baduzu, deitu 016ra informazio orokorra hartzeko, edota jo zure udalerriko gizarte edo berdintasun zerbitzuetara, mugimendu feministara edota 848 46 38 50 telefonora hiru zerbitzu hauek eskura izateko: Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Taldea (EAIA), Gizarteratzeko eta Laneratzeko Taldea (EISOL) eta Genero indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala Emateko Taldea (BAIT).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun