Ez du aurpegia eman nahi izan, lasaiago kontatu ditu bere bizipenak horrela, baina eskualdekoa da eta 25 eta 45 urte artean ditu. Erasotzailea ere hurbilekoa, etxekoa. «Urte mordoxka» daramatza egoera horretan eta aitortu duenez, «indarkeria bikarioa sufritzen segitzen dugun familia gara». Argi mintzatu da: «Indarkeria aspektu guzietan gogorra da, baina gogorrena bikarioa da. Eraso guzietan bezala, beldurra da nagusi, baina kasu honetan, ez da nirea bakarrik, beldurrik handiena haurren segurtasun faltak ematen dit».
Noiz hasi zen dena?
Bikote harremana hasi genuenetik, harremana toxikoa izan zen eta maitasun erromantikoa bilakatu zen. Kontrola eta bakardadea ziren nagusi, eraso psikologikoen, fisikoen eta ekonomikoaren bitartez. Bakarrik sentitzen zarenean, laguntza eskatzea zailagoa da. Niri egindako erasoak normalizatuz joan nintzen eta horren guziaren kulpa nirea zela sinetsi nuen. Haurrak sortu zirenean, berriz, eraso bikarioak hasi ziren. Niri zuzenean egindakoak ja ez zidan minik ematen eta erasoak haurren bitartez hasi ziren. Eta horrela segitzen dugu. Urte mordoxka daramatzat indarkeria bikarioa sufritzen eta legeak aldatu arte horrela segituko dugu. Ez dut egoera bortitzagoetan pentsatu nahi, badakigulako ondorioak zein diren. Urbasan gertatu zena hor dago.
«Urte mordoxka daramatzat indarkeria bikarioa sufritzen eta legeak aldatu arte horrela segituko dugu»
Noiz ohartu zinen zer ari zen gertatzen?
Indarkeria bikarioaren erasoak hasi zirenean hori ez zela normala ohartzen hasi nintzen. Aita batek bere seme-alabei min ematea ezin nuen entenditu. Egoera hartan, niri egindako erasoez aritu nintzen eta laguntza psikologikoa eskatu nuen. Gure bizitzan gertatzen ari zela entenditzeko beharra nuen.
Gogoan gelditutako momentu aunitz dituzu...
Bai, aunitz. Behin, ni lanean nintzela, bi haurrak hagitz ttikiak zirenean, denbora luzez bakarrik etxean giltzapetuak utzi zituen. Bertze batean, haurrek deus egin gabe, nirekin haserretu eta haien jostailu kuttunenak zakar eta oihuka puskatu zituen. Kotxean segurtasunik gabe eta modu desegokian gidatu izan du, edo berari gertatu zaion edozein gauza makurrengatik haurrak kulpadun sentiarazi, haurrak giltzapetu eta mehatxatu... Ez da inoiz arduratu haurrez, eta banatu ginenean haiekin egoteko eskubideak eskatzen hasi zen. Momentu aunitz dira.
Eta noiz erran zenuen 'aski'?
Haurrak sufritzen ari zirela ohartu nintzenean. Baina, hala ere, ez da aski. Banatuta, orain ez dut ikusten zer gertatzen den, baina indarkeria bikarioa sufritzen segitzen dugu. Haurrak sortu zirenetik ez du ardurarik hartu, xantaia emozionala egiteko ez bada. Banatu ondotik, haurrekin egoteko denboraren eskubideak exijitu izan ditu, eta legeak eta gizarteak hala onartu eta babesten ditu. Baina, aldi berean, haurrekin ez du batere ardurarik erakusten, eta komunikazio modu inperatibo, autoritario eta erasotzaileak erabiltzen du. Haurrak horrek guziak eragiten dien beldurraz argi solastatzen dira, baina tratu txar psikologikoa erakustea zaila denez...
«Erasotzailea hurbilekoa denean ez al da ba erasotzaile?»
Babesa sentitu duzu?
Bai eta ez. Babesik handiena, halako egoeran dauden bertze emakumeengandik hartu dut. Gure artean, epaitu gabe, modu seguruan eta enpatiaz bildutako eremuan solastatzen baikara. Halako egoerek psikologikoki eta emozionalki zauriak uzten ditu eta ez dira erraz entenditzekoak. Gezurra iduri badu ere, azaroaren 25a edo martxoaren 8a bezalako egun seinalatuetan, pankartarekin lehenbiziko lerroan atera eta feminismoaren gaiarekin hagitz kontzientziatuak dauden pertsonengandik, zuzenbidean babestua sentitu beharrean, epaitua sentitu naiz. Erasotzailea hurbilekoa denean ez al da ba erasotzaile? Erasotzaileak kanpokoak edo ezezagunak bakarrik dira? Zoritxarrez, gure eskualdeko herriak ttikiak izanik, behin eta berriz errepikatzen diren kasuak dira, eta aunitzek sentitu dugu hori.
Kanpoko laguntza izan duzu?
Bai, bai. Instituzioena, familiarena, lagunena... Prozesu hau ezin da bakarrik egin eta, zoritxarrez, bizi guzirako da. Beraz, ahalik eta hobekien eramateko erremintak behar dira eta horiek profesionalen bitartez ikasten dira, bai nik, baita haurrek ere.
Egoera salatu duzu?
Bai. Bertzela ezin da gelditu; salaketarekin gutti, eta salaketa paratu gabe, batere ez.
Trabarik izan duzu bidean?
Bai. Bere familiaren jarrera iraingarria eta gogorra izan da. Umeak bere aitaren eskuetan egon arte borrokan aritu dira, eta hori lortzean, desagertu dira. Herritarren txutxu-mutxuak ere hor daude, ni seinalatuz eta aita babestuz. Eta azkenik, instituzioen aldetik dauden itxaron zerrenda luzeek, epaitegietako matxismoak, zerbitzuak zentralizatuak izateak eta inguruko baliabide eskasek prozesuak luzatu bertzerik ez dituzte egiten.
Zauria sendatu zaizu?
Niri egindako eraso zuzenak orban bihurtu dira. Baina tarteka zirrikitu ttiki bat ireki eta zornea botatzen dute. Gaur egun, indartsu sentitzen naiz, baina etengabe neure buruarekin lanean ari behar dut, baita seme-alabek ere.
«Umeek 'ama, ez dut joan nahi' beldurrez erraten didaten bakoitzean, haien aitarengana eraman behar izatea hagitz gogorra da»
Zer da zuretzat gogorrena?
Nire umeak erasotzailearekin uztea eta berarekin egotera animatu behar izatea, gainerakoan, epaileak ni zigortzen nauelako eta zaintza kentzeko arriskua dudalako. Umeek «ama, ez dut joan nahi» beldurrez erraten didaten bakoitzean, haien aitarengana eraman behar izatea hagitz gogorra da. Bueltarakoan, minez eta ikaratuak gertatu zaiena aditzea eta hurrengoan berriz ere beregana eraman behar ditudala jakitea hagitz gogorra da. Instituzioek hori betearazteak eta gizarteak onartzeak ere min ematen dit. Egoera larriarekin jakitun izanda ere, pertsona batzuengandik «beraien aita da eta berarekin egon behar dute» edo «aitarekin zer ongi egoten diren» erran eta aldi berean bertze aldera begiratzen dutela ikusteak, bai niri, baita ttikiei ere, min handia ematen digu. Gizartean babes falta sumatzen dut.
«Gizartean babes falta sumatzen dut»
Indarkeria bikarioa ez da sobera ezaguna bertze indarkeria batzuekin konparatuta. Zure ustez, zergatik?
Aita batek bere seme-alabei min egitea sinesgaitza egiten zaigulako, eta ez dugulako inor hori egiteko gai denik ikusi nahi. Haurrenganako sentitzen dugun maitasuna baldintzarik gabekoa da, baina badira haurrei min emateko gai direnak ere. Behin eta berriz «euren aita dela» erranez babesten ditugu.
Nola ikusten duzu indarkeria matxista zure inguruan?
Gero eta arazo larriagoa da. Orain dela urte batzuk, ikaragatik ez zen salaketarik paratzen. Gaur egun, salatzera ausartzen gara, baina gure beldurrak hor segitzen du. Seinalatzeak eta enpatia faltak emakumeak birbiktimizatzeko bertzerik ez du balio. Gizarteak halako kasuak fuerte salatzeko erraten du, baina gero gizarteak berak ez du babesik ematen. Norberari eragin diezaioken ondorioaren beldurragatik da? Bertzetik, ez dago erasotzaileak gelditzeko neurririk. Gure kasuan, aitak bere eskubideak dituela eta haurrak erasotzaileen eskuetan utzi behar ditugula, epaileak agintzen du eta gizarteak onartu eta babestu. Erasotzaile bat ez da inoiz aita izanen, erasotzaile bat da. Eta gure seme-alabak ikaratuak euren eskuetan uztera behartuak gaude. Komunikabideetan guraso batek bere haurra hil duela aditzen dugu eta bertze aldera begiratzen dugu. Ez dut entenditzen.
Zer erranen zenioke zure egoera berean dagoenari?
Aitzinera egiteko eta laguntza eskatzeko. Lan luzea eta gogorra da eta pazientzia handia behar da. Behin eta berriz erori eta altxatu beharko du, bere burua behin eta berriz zigortuko du, baina argi eduki dezala ez dela bere kulpa eta bera dela aitzinera egin dezakeena, eta berarekin batera, umeak. Deus ez egiteak ondorio latzak izan ditzake. Geure burua eta haurrena indartu behar dugu, hori da modu bakarra. Eta horrekin batera, ez dagoela bakarrik erran nahi diot.
Herritarrei zer mezu emanen zenieke?
Enpatia eskatu nahi diet, bai gurekin, eta oraindik gehiago gure seme-alabekin. Ez gara ez psikologoak, ez epaileak, ez poliziak. Baina herritarrak hurbilekoak dira, bizilagunak, eta haurrak babesteko laguntza behar dugu. Haurrak edozein tokitara joaten direnean, seguru sentitzeko laguntza eskatzen diet. Aski da, ez babestu aita.
Administrazioari zer eskatuko zenioke?
Gure eskualdean zerbitzu gehiago eta ordutegi zabalagoarekin emateko. Zerbitzu gehienak Iruñean daude eta ez daude eskura: Elkargunea, BAIT edo Genero Indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala Emateko Taldea, abokatuak, harrera etxea... Gure eskualdean gizarte zerbitzuen mankomunitateak bakarrik daude, eta horiek lan handiarekin eta ordutegi murritzarekin, goizez bakarrik. Iruñera joan-etorriak aunitz dira eta aunitzetan haurrekin egin beharrekoak. Horrek errepideko arriskua, denbora, eta gastu ekonomikoa handitzen ditu. Horrez gain, batzuetan, hizkuntza oztopo izaten dugu.
«Familia aunitz gara, isilka, egoera bortitz larri hauek bizi ditugunak»
Zerbait gaineratuko zenuke?
Lan aunitz dago egiteko. Ttiki-ttikitatik oinarritutako heziketan dago lana. Alde batetik, gizartea kontzientziatu behar da eta, bertzetik, erasotzaileen profilak guttitu. Gatazkak eta frustrazioak kudeatzen ere ikasi behar da, eta lanketa hori etxean eta ikastetxeetan egin beharko litzateke. Ez da nahikoa azaroaren 25ean plazara ateratzearekin. Aldarrikatzen den hori landu behar da: familian, lagunartean, herrian, eskualdean... Familia aunitz gara, isilka, egoera bortitz larri hauek bizi ditugunak, eta aldi berean, oihuka laguntza eske ari garenak. Beraz, ireki ditzagun begiak eta, erasotzaileak, ezagunak izanda ere, seinalatu eta baztertu ditzagun, erakutsi diezaiegun gure gizartean ez direla ongi etorriak.