Joan den azaroaren 8an Doneztebeko San Miguel ikastetxeko hainbat irakaslek Hezkuntza Laguntzako Espezialistei (HLE) babesa adieraziz, gutuna zabaldu zuten ERRAN.EUSen. Bada, gutunak arrakasta izan du, eta Nafarroa mailan zabaldu dute, irakasleen atxikimendua eskatuz. Gauza bera egin dute TTIPI-TTAPAren eremuan, eta Baztan-Bidasoaldeko Hezkuntza Laguntzako Espezialistek jakinarazi dutenez, «eskualdean ere atxikimendu bila ari gara, eta Legasako klaustroak, adibidez, Doneztebeko elkartasun gutunarekin bat egin du». Ondoko egunetan irakasle gehiagoren atxikimendua biltzea espero dute.
Baztan-Bidasoaldeko hainbat ikastetxetan ari dira Hezkuntza Laguntzako Espezialistak: Elizondon, Iruritan, Narbarten, Legasan, Donezteben, Iturenen, Igantzin, Lesakan eta Beran, baita institutuetan ere. Euren lan baldintzak «gogorrak» direla salatu dute; «gehienak egonkortu gabe, kontratu prekarioekin. Aunitzek hamabi lanorduko astea dute, eta onartzera behartuak gaude, bertzela, zerrendatik kanporatzen gaituztelako. Eta Nafarroako Gobernua gero eta zailtasun gehiago gehitzen ari denez, grebara bultzatu gaituzte, nahiz eta erabaki hori ere zaila izan, langileok dugun prekarietate tasa handiagatik».
Ikasleen familiei ere gutuna bidali diete, alde batetik, grebarako arrazoi nagusiak esplikatuz, eta bertzetik, aldarrikapen nagusien berri emanez.
Grebarako arrazoiak
- «Hezkuntza Laguntza Espezialista gehienak» behin-behineko egoeran ari direla adierazi dute, eta aunitzek «kontratu partzialak» dituztela, «batzuetan bizitzeko adina ere ematen ez dutenak. Aunitz lanbidea uzten ari dira Hezkuntza Departamentuak ezarritako baldintza prekarioak direla eta».
- «Gimeno jaunak zuzentzen duen Departamentuak zuen seme-alabek hartzen duten zerbitzuaren kalitatea aunitz murrizten du, ia-ia laguntza soil batera mugatuz».
- Haien kontratuan ikasleekin egon beharreko arreta zuzeneko orduak bakarrik sartzen direla adierazi dute: «Ez dugu denborarik koordinatzeko, taldean lan egiteko, material egokiak prestatzeko… Horrela, inklusioa ezinezkoa da. Hau guztia txapuza hutsa da».
- Hezkuntza Departamentuak haientzako prestakuntzarik ez duela ematen ere salatu dute. «Profesionalak gara gure aldetik eta Departamentuaren laguntzarik gabe prestatzen ari garenak zuen seme-alabei kalitate handiagoko laguntza ematen saiatzeko».
- Ordutegia ere aipatu dute: «Guretzat indarrean dagoen ordutegi erregulazioak egunean bederatzi orduko lanaldia eta astean 43.30ekoa onartzen ditu. Eta oroitu zuzeneko arretaz bakarrik ari garela».
Aldarrikapen nagusiak
Aipatutako arrazoi horiek kontuan hartuz, aldarrikapen hauek egin dituzte:
- «Ordutegiaren erregulazio berria» eskatu dute.
- «LEPak deitzea» nahi dute, «HLE langile gehienak finkoak izan arte».
- Koordinazio saioak ere eskatu dituzte, «taldeko lana eta materialak prestatzeko. Horrela eskaini ahal izanen diegu seme-alabei kalitatezko hezkuntza».
- «Berariazko eta kalitatezko prestakuntza» ere exijitu dute.
- HLE langileen «alderdi guztiak arau bakar batean biltzea» ere nahi dute, «bai eskubideak, bai betebeharrak».
- Greba alde batera uzteko, negoziatzeko eskatu dute.
Hezkuntza Laguntzako Espezialisten hitzetan, aldarrikapen horien helburua, «zuen seme-alabek hartzen duten hezkuntzaren kalitatea hobetzea da». Hala, irakasleen babesaz gainera, gurasoen babesa ere eskatu dute, baita azaroaren 14ko greba egunean egitekoak dituzten elkarretaratzeekin bat egiteko deia egin ere. Goizean Iruñean eta Tuteran egitekoak dituzte elkarretaratzeak, 11:30ean, eta arratsaldean Iruñean, 18:00etan.