Irailaren 20an, ortziralean 16:00etan Larrungo trena: trenbide istorioak mintzaldia izanen dute Urruñako Herriko Etxeko areto nagusian. Viviane Delpech (Udaldien garapena XX.mendean), Guy Lalane (Mugikortasun jasangarri aitzindaria: tranbia), Alban Lemayrie (Burdinbideen alorra, hemen eta Pirinioetan) eta Georges Perruquetti (Larrungo trenaren ustiatzea) izanen dira hizlari mahai inguruan, Iban Larrandaburu, zuzenbide publikoko doktoregaiak animaturik.
Irailaren 21ean ‘Versant Vivant’ ikuskizuna Saran eta Fernando Mikelarenaren mintzaldia Beran
Irailaren 21ean, larunbatean 16:30ean Versant Vivant ikuskizuna izanen da denentzat Sarako Lur Berri gelan. Versant Vivant kontzertu marraztu eta animatua da. Musika konposizioak eta oholtzan zuzenean eginiko marrazkiak uztartzen ditu, Emilie Tarascou, animazio-zinemako marrazkilariaren eta Simon Kansara, musikari, sortzaile eta ikus-entzunekoen gidoilariaren eskutik. Egun berean, 18:00etan, Berako Beralandetan, ‘Larrunen historia, mugaz gaindiko lekukotasunak’ mintzaldia emanen du Fernando Mikelarena, Zaragozako Unibertsitateko historia doktoreak, euskaraz eta espainolez.
Irailaren 22an egun osoko ekitaldiak Larrun gainean
Irailaren 22an, igandean 09:45ean, 1924-2024: Larrungo trena, mende bat igaten erakusketaren bisita gidatua eginen dute San Inazio lepoan. Ekainaren 30etik azaroaren 3ra ikusgai dago erakusketa hau. Igandean 11:00etatik 18:00etara, Larrungo gailurrean eginen dira ekitaldiak. Xabxab mural margolariak oroimenezko fresko bat eginen du. 11:00etan Bote luze pilota partida jokatuko dute Sarako Izarra eta Berako Gure Txokoako pilota taldeko pilotariek. 12:00etan bertso saioa izanen da Bertsularien Lagunak elkartearekin lankidetzan: Haira Aizpurua, Ekhiñe Zapiain, Xumai Murua eta Sustrai Colina ariko dira kantuan. 12:30ean Sarako eta Berako erraldoiak aterako dira. 14:00etan eta 16:30ean, Jour de Fête antzerki taldearen eskutik Maite nautenek trenera igan daitezela ibilbide poetiko eta berezia, Larrun mendiari eta trenari buruz konpainiak berariaz asmatua. 15:00etan, Brilili Banda dantza talde xiberotarraren eskutik Behin bazen… ikusgarria. Ekitaldiak bukatzeko, 17:30ean itxiera kontzertua eskainiko du Ruper Ordorikak, Arkaitz Minier musikari fina (arrabita, mandolina eta gitarra) lagun duela.
Asteburua Larrunen, IEZIrekin partaidetzan
Larrungo trenaren mendeburuaren karietara, mendigune zoragarrian, ttikienek historia eta bioaniztasuna ezagutzeko parada izanen dute eta saiak behatzen ahalko dituzte, Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren eta Lapurdi Itsasbazterreko IEZIren eskutik. Animazioak irailaren 21ean eta 22an, larunbat eta igandearekin izanen dituzte. 10:30ean eta 15:00etan, 8 urtetik goitikoei zuzendua, ‘Larrunen aurpegiak denboran zehar ibilaldia. Gidari naturalistek Larrungo bazterren bilakaera azalduko dute eta mendiguneko giza jardueren historia kontatuko. Geologia, historiaurrea, protohistoria, artzaintza, animaliak, landareak eta abar izanen dituzte aipagai. 11:30ean Larrungo natura osoa ibilaldi naturalista, 7 urtetik goitikoei zuzendua, Euskal Herriko mendi nabarmen honetako animaliak, landareak eta bazterrak ezagutzeko. 14:00etan, hegazti harrapariak haurrekin, 6 urtetik goitiko haurrei irekitako ibilaldia, harrapariak ezagutzeko. Larrun gailurretik ikus ditzakegu saiak hegan egiten.
‘Larrungo trena, gure ondarea’ erakusketa ibiltaria
‘Larrungo trena, gure ondarea’ erakusketa ibiltariaren abiatzea eginen dute irailaren 21ean eta 22an. 2024ko Ondarearen Europako Jardunaldien gaia ‘Ibilbide, sare eta konexioen ondarea eta itsas ondarea’ da eta jardunaldi horietarako erakusketa Baionako Departamendu Artxibategira iritsiko da, 14:00etatik 18:00etara. Gero hilabete batez ikusgai izanen da.
Larrungo trena osoki eraberritu behar izan den ondarea da. Zaharberritze lanetarako 29 milioi euro behar izan ditu Departamendu Kontseiluak. Trenbidearen osagaiak eta balastoa osoki aldatu dira. Harrizko hormak eta bertzelako eraikuntzak eraberritu dira, baina jatorrizko itxura zainduz. Bidaiari xarma berezia ematen dioten bagoiak eta lokomotorrak jatorrizkoak dira. Erregularki mantentzen dituzte jakitate eta esperientzia handiko langile taldeek. «Zaharberritze lanak ezinbesteko bilakatu ziren, eta jatorrizko ondarearen elementuak berriz hartu eta errespetatu ditugu: Larrungo trena beste 100 urterako abiatua da» azaldu du Jean-Pierre Mirandek, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidenteordeak eta Larrungo trena ustiatzen duen Altuerako Estazioen Erakunde Publikoko (EPSA) lehendakariak.
Ondarearen Europako Jardunaldien karietara Larrungo trena ondare bizidunean sailkatzeko eskaera eginen dute, artisautzan eta industria alorrean erakusten duen ante bikainaren aitortza gisa.
Urrian, Larrungo trena etorkizunera begira
Irail hondarreko ekitaldiak ez ezik, urrian ere eginen dituzte, Larrungo trena etorkizunera begira jarriz.
Honela, urriaren 1ean, haurren eguna ospatuko dute, ikastetxeentzako soilik. Honela, inguruko (Sara, Urruña, Azkaine eta Bera) ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako gela guziek bere ondarea ezagutzeko gomita eskuratuko dute.
Urriaren 28an, Larrungo trena eta mugaz gaindiko lankidetza. 2023 urte bukaeran, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseilua, Euskal Hirigune Elkargoa, udalerriak eta Nafarroako partaideak Larrun-E Ensemble, Encuentro, Elgarrekin Europako Poctefa proiektuan sartu dira, Larrunen trantsizioa garatzeko. Proiektuaren abiatze egunean, partaide guziek Larrungo trena etorkizunerako bidean ezarriko dute, Larrungo enbaxadore gazteen biltzarra osatuz, lurraldeko kolegioekin. Biltzarraren egitekoa zera izanen da: proiektuaren baitan plantan ezartzen diren ekintzen eta helburuen jarraipena egitea.