Ehun urte beteko ditu Larhungo Treinak ekainaren 30ean

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 22a, 09:00

Gaur egun duela 100 urteko itxura mantentzen du trenak, eta egurrezko bagoiak ditu. Superbass/Wikimedia.

Ekainaren 30ean beteko dira 100 urte Larhungo Treinak lehenengo bidaia egin zuenetik. 100 urteetan Ipar Euskal Herriko lekurik bisitatuenetakoa bihurtu da eta urtean 330.000 turista inguru hartzen ditu. Tontorrean eta inguruko herrietan egitekoa zuten ospakizuna heldu den asteburuan, baina Frantziako Asanblea Nazionalerako hauteskundeak direla eta udazkenean eginen dute ospakizuna.

100 urte. Menduerrena beteko du ekainaren 30ean Larrungo Treinak. 100 urte lehenengoz Sarako San Inazioko Lepoa Larhungo tontorrarekin lotu zuenetik. Geroztik aldatu da mundua, aldatu da natura, aldatu da ingurua, baina trena berdin mantendu da. Oraindik ere berdinak dira lehenengo tren haren egitura, bideak eta bagoiak, eta duela 100 urte bezala egin daiteke trenez bidea Larhungo kaskoraino. Trena hartzen duenak ordu erdiko bidean 100 urte gibelera eginen ditu naturan bidea eginez.

Tontor garrantzitsua

Inguruko herritarrentzako tontor garrantzitsua izan da Larhun historikoki. Sarako, Azkaineko, Urruñako eta Berako lurretan dago, eta Pirinioetako lehen tontortzat hartu izan dute aunitzek. Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herriaren arteko muga ere markatzen du tontorrak eta historikoki artzaintzarako leku aberatsa izan da. 1575. urteko paperetan ageri denez, ordurako ermita bat eraikia zegoen 905 metroko altuera duen tontorrean. Gerora, 1680. urtean eraberritu egin zuten, eta uda sasoian apaiza ere egoten zen tontorrean bertan artzaintzan aritzen ziren artzainei doktrina erakusteko. Frantziako iraultzaren altxamenduan hondatu zuten kapera. 

Urtean 330.000 lagun igaiten dira trenez tontorrera

Betidanik izan da tontor garrantzitsua, baina, Eugenia de Montijo, Napoleon III.aren emazte izan zenari zor zaio gaur egun Larhunek duen fama. 1859ko ekainaren 30ean igo zen tontorrera Miarritzetik zalgurdian abiatuta. Zalgurdiekin ezin, eta mando gainean ailegatu zen Larhungo tontorrera, bidean Sarako herritarrekin gosari egin, eta Berako hainbat herritar lagun zituela. Ttunttuna eta txirularen hotsarekin, fandangoa dantzatu zuela diote, eta igoera horren omenez, gaur egun oraindik ere tontorrean ikusteko aukera dagoen obeliskoa eraiki zuten. Bultzada handia eman zion tontorrari, eta mende erdi beranduago Sarako hiru gaztek sustatu zuten trena eraikitzea.

Hainbat turista trenean artxiboko irudi batean. Utzitako irudia.

Geroztik, milaka dira urtero Larhungo tontorrera igotzen diren herritarrak zein turistak. Horietako aunitz, trenez. Jenofa Zubiri Larrungo Treinaren arduradun komertzialaren hitzetan, «urtean gaur egun 330.000 lagun igotzen dira Larhungo tontorrera, gehienak udako sasoian, nahiz eta trena azaro hasiera arte irekita dagoen». Tontorrak ere badu berezitasunik, hiru benta baitaude bertan, baita emisiorako antenak ere. 

1924an bukatu

1912. urtean hasi zituzten San Inazioko lepoa eta Larhun lotuko zituen trena eraikitzeko lanak. Zubirik kontatu duenez, de Montijoren bisitak sustatuta, turismoa indarra hartzen hasi zen eskualdean, eta Larhungo tontorra fama hartzen hasi zen, baina, oinez egiten zuten bertarako bidea. «Hiru gaztek izan zuten  kremailerako trena eraikitzeko ideia zoroa, garai horretan horrelako asmoak zorotzat hartzen baitziren». 12 urtez aritu ziren lanean, tartean 1914. urtean lehertutako Lehen Mundu Gerra tarteko, lanak geldituak izan ziren bortz urtez. 

Turistentzako ezinbertzeko esperientzia izaten da trena

Geldialdiaren ondotik, 1919an berrekin zituzten eraikuntza lanak eta hamar urte behar izan zituzten lanak burutzeko. Tartean, 1924ko urtarrilean istripua izan zen. Lurrunezko lokomotorako gurpil hozkatua kremaileratik atera zen, eta 100 metroz erori zen, eta une batez kolokan ere izan zen proiektua. Hala ere, aitzinera segitu eta azkenerako, apirilaren 25ean lehen zatia estreinatu zuten, Hiru Iturrietara arteko bidea, eta ekainaren 30ean egin zuen lehen aldiz gailurrerako bidea.

905 metroko altuera du Larhungo gainak, eta bataz beste %17ko malda dauka. Horregatik, kremailera sistemako trena da bertakoa, sistema horretako trenak bakarrik igo baititzake hain pendiz handiak. «Hemen aski aldapa azkarrak ditugu. Tren klasiko bat ezin da Larhunera igo, %6 arteko maldak igotzen ahal ditu, eta hemen %24 arteko maldak daude», dio Zubirik.

Kremailera sistema

Baina zer da kremailera sistema? Azalpen teknikoa eman du treneko arduradunak: «Bi errail daude, eta bi errail horien artean, erdian, horzdun errail bat dago. Tren bakoitzaren lokomotoraren azpian, bada gurpil horzdun bat eta hori engaiatzen da erdiko errail horretan. Horri esker igaiten ahal dira malda aski azkarrak». Trena hartzen denetik tontorrera 4,2 kilometroko bidea dago, eta 35 minututan egiten da, bederatzi kilometro orduko abiaduran. 

Trena hartzen denetik, tontorrera ailegatzen den arte, gainera, duela 100 urteko funtzionamendu berbera da, eta hori da trenaren bereizgarri nagusiena. «Hori da gure berezitasuna», nabarmendu du Zubirik. «Lehenagoko argazki zaharrak eta oraingoak begiratzen ditugularik ikusten da ez dela batere aldatu, berdinak direla. Higatuak diren piezak eta egur puskak aldatuak dira, baina, kanpotik arrunt berdinak dira», nabarmendu du.

Berriki moldaketa lanak egin dituzte treneko errailak aldatzeko.

Horregatik, eta hasierako itxura mantentzeko urte osoan egiten dituzte mantentze lanak. «Dena kontrolatu behar da, eta urte osoan 20 langile aritzen gara eta udan gehiago. Neguko hilabeteetan hetsiak egoten gara eta hor egiten dira lanik handienak, baina, urtean zehar errepasatzen dira, eta urte guztiz badira kontrolak eta egitekoak». Berriki gainera, trenbide guztia berritu dute. 1912an, lanak hastean jarritako errailak zeuden oraindik, eta horiek denak aldatu eta moldaketa lanak egin dituzte. 

Ezinbertzeko bisita

Urteen poderioz, indarra hartzen joan da trena bera, eta gaur egun Ipar Euskal Herriko kostaldean turismoa egiten dutenentzat «ezinbertzeko» bisita bihurtu da Larhungo tontorra, zein trena bera ere. Zubirik azaldu duenez, bi arrazoik bultzatu dute trena gaur egun turistentzat hain erakargarri izatera. «Lehena da biziki autentikoa dela, trenak naturan bidaia bat erakusten du, eta trenean igotzea denbora beste mende batean gibelera egitea bezala da, bidean gaudelarik bada lasaitasun bat sentitzen dena». Bigarrena aldiz tontorretik dauden «bistak» dira. Hodeirik gabeko egun argi batean, Euskal Herriko zazpi probintziak ikusten ahal dira, baita, Pirinioak, eta Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldea ere.

Egitarau berezia

Ekainaren 30ean, igandea, beteko dira 100 urte trenak lehenengo bidaia egin zutenetik tontorrera. Horregatik, urteurrena ospatzeko egitarau berezia antolatua zuten  Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Sarako Herriak. Egun horretan Frantziako Asanblea Nazionalerako hauteskundeen lehen itzulia eginen dela eta, ospakizuna udazken aldera gibeleratzea erabaki dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun