8,4 kilometroko itzulia Sarako Kontrabandisten lasterketa da eta lasterkariek plazatik (77 m) abiatu eta Zazpi Fagora (522 m) joan behar izaten dute, berriz Sarako plazara bueltatu aitzinetik. Lasterketa honek baditu hainbat berezitasun. Adibidez, lasterkariek galtza luze beltzekin eta atorra xuriarekin atera behar dute eta lasterketako lehen 1.500 metroetan, gizonek zortzi kiloko eta emakumeek lau kiloko zakua bizkarrean eraman behar izaten dute. Berako bidegurutzean zakua utzi eta itzulerako bidean berriz hartu behar izaten dute.
Gehiago ere bada. Ezin du edozeinek parte hartu. Sarako Herriko Etxeak inguruko herri batzuk gomitatzen ditu eta herri horiek beren bi korrikalari onenak hautatzen dituzte, herria ordezkatzeko. Hauek dira gomitatu herriak: Ainhoa, Azkaine, Baigorri, Ezpeleta, Donibane Garazi, Hendaia, Sara, Senpere, Urruña, Biriatu, Bera, Elizondo, Etxalar, Hondarribia, Irun, Lesaka, Urdazubi, Luzaide, Igantzi eta Zugarramurdi.
Fernando Etxegarai beratarrak zortzi aldiz irabazi du lasterketa hau eta berea da marka, 2006an egina (38.36). Joseba Larralde beratarrak zazpitan irabazi du lasterketa (tartean, 2019az geroztik aurten arte egin diren guztiak) eta Ramuntxo Lamothe saratarrak bortz aldiz.