Unibertsitatetik kanpoko irakasleak grebara deitu dituzte irailaren 26rako

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 27a, 11:30

Gaur prentsaurrekoan izan diren sindikatuetako ordezkariak. Tartean da Steilas sindikatuko liberatua den Ane Apezetxea Gorrotxategi goizuetarra.

Nafarroako Hezkuntza Publikoko sindikatu guztiek prentsaurrekoa egin dute gaur, eta Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Gobernuaren erantzun faltari aurre egiteko, mobilizazioak iragarri dituzte irailerako.

«Zer nahi dute 24/25 ikasturtea benetako negoziazioekin hasi, hau da, irakasleen aldarrikapenei erantzunez, ala ikasturte gatazkatsua?». Carlos Gimeno Hezkuntza Kontseilariari eta Nafarroako Gobernuari zuzenduz, galdera hori egin dute gaur Hezkuntzako Negoziazio Mahai Sektorialeko sindikatu guztiek.

Steilas, LAB, ELA, Anpe, Afapna, CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako oharrean, «23/24 ikasturtean, negoziatzeko prest» izan direla adierazi dute: «Hezkuntza publikoko irakasleentzat hobekuntzak lortzen saiatu gara, baina ez da gutxieneko aldaketarik izan». Honela gaineratu dute: «Ikasturte bukaeran, hasieran salatu genituen arazo berberak ditugu: lan gainzama, gehiegizko ratioak, erosahalmenaren galera eta plantillen ezegonkortasuna». Horiek guziek «hezkuntza sistema publikoaren kalitatean eragina» dutela oroitarazi dute.

Kontseilariak eta Nafarroako Gobernuak «gure eskaerei benetako prestutasunez erantzutea» nahi dute, «akordioak lortzeko eta horiek finantzatzeko konpromiso irmoarekin». Aipatutako arazoak Nafarroako Parlamentuko kideei jakinarazi dizkietela ere erran dute, «horiek bat egin dute irakasleek dituzten arazoei aurre egiteko eta irtenbideak negoziatzeko beharrarekin».

«Espero dugu kontseilaria eta Nafarroako Gobernua errealitateaz ohartzea, eta aintzat hartzea Nafarroako irakaskuntza publikoko irakasleen eskaerak»

Sindikatuek salatu dutenez, «Hezkuntza Departamentuarekin egindako bilera guzietan erantzun bera hartu dugu: aurrekonturik ez dagoela». Hala, irailean 2025erako Nafarroako aurrekontuekin lanean hasiko direla eta, mobilizazioak iragarri dituzte. «Heldu den urteko Nafarroako aurrekontuetan irakasleen aldarrikapenei erantzuteko partidak eskatuko ditugu» eta bide horretan, ikasturte hasieran «mobilizazioak ugarituko direla» jakinarazi dute. Konparazio batera, «irailaren 26an hezkuntza sistema publikoa geldituko dugu». Gisa honetara, «espero dugu kontseilaria eta Nafarroako Gobernua errealitateaz ohartzea, eta aintzat hartzea Nafarroako irakaskuntza publikoko irakasleen eskaerak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun