Ane APEZETXEA

«Ez badugu deus lortzen datorren ikasturte hasiera ez da ohikoa izanen»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 8a, 11:00

Apezetxea irailetik Steilas sindikatuko liberatua da.

Ane APEZETXEA GORROTXATEGI, irakaslea eta Steilas sindikatuko liberatua

Goizuetarra lanbidez Lehen Hezkuntzako irakaslea da Sarrigurengo eskolan. Azken ikasturtean Steilas sindikatuko liberatua da eta Nafarroako hezkuntza sistema publikoari errepasoa eman dio.

Ofizioz irakaslea da Ane Apezetxea Gorrotxategi (Goizueta, 1991) eta irailaz geroztik Steilas sindikatuko liberatua. Azken ardura hori «erronka handia» izaten ari dela aitortu du, baina aldi berean, «asko ikasten ari naiz». Nafarroako hezkuntza sistema publikoaren errepasoa egin dio TTIPI-TTAPAri, etapaz etapa dauden hutsuneak agerian utziz eta azken boladan eztabaida handia eragin duten gaiak hizpide hartuz. Kritiko mintzatu da Hezkuntza Departamentuarekin eta «dena atzeratzeko eta luzatzeko duten gaitasunarekin harrituta» dagoela dio. Gehiago ere bai. Hobekuntzarik ez bada, heldu den ikasturte hasiera ezohikoa izanen dela ere iragarri du: «Sistema hankaz goiti jarri nahi dugu. Nekatuta gaude ikusezinak izateaz». Egun batzuetako grebak deitzeko asmoa dute. 

Nolatan hasi zinen Steilasen? 

Urte batzuk daramatzat bertan afiliatua eta aurreko ikasturtean nire eskolako delegatu izateko deitu zidaten. Hor muturra zertxobait sartu nuen sindikatuan. Ikasturte bukaeran, berriz, 2023-2024 ikasturterako liberazio osoa eskaini zidaten eta deia ustekabean hartu banuen ere, ez nuen gehiegi esperatu baiezkoa emateko. Irailean hasi nintzen eta erronka handia izaten ari da, baina asko ari naiz ikasten. Hezkuntzako barne antolaketa eta negoziazioak nola izaten diren ezagutzea interesgarria da.

«Aurreko agintaldian hezkuntzako langileen lan baldintzetan ez dela inongo hobekuntzarik egin salatu genuen»

Hainbatetan adierazi duzue Hezkuntza Departamentuarekin ez zaudetela ados. Azken boladan, besteak beste, organigrama ez dela aldatu salatu duzue...

Aurreko agintaldian hezkuntzako langileen lan baldintzetan ez dela inongo hobekuntzarik egin salatu genuen. Lan zama areagotzen ari zen eta gobernuak ez zuen inolako pausorik eman negoziatzeko. Bestalde, politika euskarafobikoak izan ziren nagusi. Organigrama aldatzeko eskaera egin bagenuen ere, udako hauteskundeak pasata, kontseilari berarekin segitzen dugu eta beste behin ez dugu inongo aldaketarik sumatu.

Etapaz etapa, haur eskolatik hasi eta unibertsitateraino, zer hutsune ikusten dituzu Nafarroako hezkuntza sistema publikoan? 

0-3 etapan, argi eta garbi dago Hezkuntza Departamentuak ez duela bere gain hartzen ziklo horren ardura osoa. Ziklo hori kudeatzeko garaian izugarrizko nahasketa administratiboa dago. Haur eskola batzuk Nafarroako Gobernuarenak dira, beste batzuk udalenak eta guztiz publikoak, eta gehienak udalenak baina kudeaketa pribatukoak. Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergo arteko hutsune nagusienen artean egonkortasun eza, baliabide eskasia, ratioak eta aniztasunari erantzuteko gabeziak nabarmenduko nituzke. Besteak beste, gabezia horiek eragina dute hezkuntzaren kalitatean eta euskararen ezagutzan zein erabileran. Adinez nagusiagoak diren etapetan, espezialitateak ugaritzen dira eta zaila da eskari guztiari ongi erantzutea. 

Badira azken aldian eztabaida sortu duten hainbat gai. Horietako bat eskolako jardunaldi mota erabakitzeko prozesua izan da... 

Prozesu gogorra izan da eta haserreak izan dira. 2007an hasi ziren eskola batzuk jardunaldi jarraitua esperimentatzen. Orduan, erabaki hori hartzeko, familien erroldaren % 60aren aldeko botoa eskatu zuten. Zerbait berria zen eta normala da hasiera batean halako aldaketa baten aurrean eskatzen den babesa handia izatea. Pandemia garaian, berriz, eskola guztiak jardunaldi jarraitua izatera behartu zituzten eta badirudi erabaki hori ongi hartu zutela eskola komunitate gehienetan. Ondoren, familiei eta irakasleei bozkatzeko aukera eman zieten eta gehiengo nagusi batek jardunaldi jarraitua hautatu zuen. Orain, eskoletako jardunaldia arautu nahi izan dute. Hori arautzea ongi iruditzen zait, fase esperimentala luze joan baita. Fase esperimentala bukatu ahala, Departamentuan egin duten balorazio pedagogikoak ez du jardunaldi baten edo bestearen eraginik ikusi ikasleen ongizate edo ikasketa mailan. Ondorioz, familien esku utzi dute erabakia, jakinda, gehiengoak dagoeneko jarraituaren aldeko hautua egina zuela. Alde batetik, hasiera puntua jardunaldi zatitua izan da, eskolen gehiengoa jarraituan bazegoen ere. Bestetik, irakasleek oraingoan ez dute bozkatzeko aukerarik izan. Ongi dago familien nahia eta iritzia kontuan hartzea, baina irakasleak gara eguneroko martxa eramaten dugun eskolako profesionalak eta gure iritzia ezinbestekoa zela iruditzen zait. Modu honetan, familien artean plataformak sortu dira eta beraien kabuz hausnartu behar izan dute, horien artean istiluak edo deserosotasunak sortuz. Horrez gain, fase esperimentala luze joan dela kontuan hartuta, ez da ulergarria oraingoan ere aldaketarako erroldaren % 60aren aldeko botoak behar izatea. Gehiengo sinplearekin nahikoa izanen litzateke. Prozesua ez da batere justua izan. 

«Ez dakit Departamentua nora begira dagoen, baina uste dut kontseilariak hausnarketa sakona egin behar duela jardunaldien inguruan»

Baina hala ere, gehiengoak jarraitua aukeratu du...

Eskola jardunaldia arautuko zuen Foru Aginduaren zirriborroa irakurri genuenean, sindikatuoi alegazioak egiteko denbora tarte bat eman ziguten. Baina, sorpresa, ez zuten gure ekarpen bat bera ere kontuan hartu. Dena den, prozesua gardena izan ez bada ere, familiek beste behin berretsi dute jardunaldi jarraituaren aldeko hautua. Izan ere, familien gehiengo handiak bozkatu du horren alde, eta jarraitua izanen da eskola gehienetan. Beste ikastetxe batzuk, aldiz, boto batengatik edo birengatik ez dute gehiengo «kualifikatu» hori lortu eta horrek ezinegon handia sortu du. Iruñerriko beste eskola batzuetan, aldez alde dauden bi eskolek garraioa partekatzen dutela eta, eskola batean jarraitua eta bestean zatitua atera bada, zatituan gelditu behar izan dute. Imajinatu ze saltsa. Eta gainera, datozen lau urteetan gutxienez horrela egon beharko dute. Ez dakit Departamentua nora begira dagoen, baina uste dut kontseilariak hausnarketa sakona egin behar duela gai honen inguruan.

Eta zer iruditzen zaizu eskoletan bi urteko gelak sartzeko erabakia? 

Gai delikatua da. Ni pertsonalki sistema horretatik nator eta oso naturalki bizi dut. Ez zait inongo astakeria iruditzen; ni bi urteko gelan hasi nintzen eskolan. Baina ulertzen dut horretara ohituta ez daudenentzat aldaketa zaila dela. Alde onak eta txarrak ikusten dizkiot. Iruñerriko haur eskoletan eskari handia dago, baina plaza nahikorik ez. Herri txiki askotan, berriz, haur eskolarik ez. Uste dut eskaintza eskasia dagoen inguruetan arazo hori arinduko lukeela eta haur eskolarik ez dagoen herrietan zerbitzu berria izanen luketela. Bi kasuetan lanpostuak sortuko lirateke. Haur eskola dagoen herrietan eta eskari guztiari erantzuten dioten bitartean, dauden bezala utziko nituzke. Gakoa, nire ustez, ez da gela hauek non txertatzen dituzten, baizik eta nola egiten dituzten. Edozein aldaketak baliabidez ongi hornitua izan behar du eta horrek inbertsio ekonomikoa dakar. Inbertsiorik ezean, jai dugu.

Zer ari da gertatzen jantokiekin? 

Nafarroako Gobernuak atera berri duen dekretuarekin, kudeaketa erabat pribatizatu du. Jantoki gehien-gehienetan catering enpresen helburua etekin ekonomikoa ateratzea da. Ondorioz, elikagaien kalitatea eta langileen lan baldintzak okertuko dira. Dena guztiz publikoa izanen balitz, egoera bestelakoa izanen litzateke. Bestalde, eskualdeko ikastetxeetako jantokietan, horren ardura duten irakasleek ez dute berariazko ordurik haien ordutegietan kudeaketaz arduratzeko. 

Hezkuntzan «beti arazo bera» dutela salatu du Apezetxeak: «ekonomia».

Zein dira Steilas sindikatuaren aldarrikapen nagusiak? 

Hezkuntzako langileen sindikatua gara, haur eskolatik unibertsitateraino hartzen ditugu. Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aritzen gara 1977an sortu zenetik. Ezkerreko sindikatua gara, klasekoa, eta gure jarduera hezkuntzatik haratago doa, jendartearen mugimenduekin ere elkarlanean aritzen baikara, eraldaketa soziala bultzatuz. Gure aldarrikapenetan daude langileen eskubideak: lan baldintza egokiak, enplegu egonkorra, kalitatezkoa, lan osasuna, berdintasuna, lan banaketa eta ordezko zein gazteen eskubideak; beste aldarrikapen bat gure nortasuna herri gisa da: gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea, pertsona, ideia eta proiektu guztiak kontuan hartuko dituen etorkizuna; gizarte eredu berria da beste aldarrikapenetako bat: zerbitzu publiko indartsuak, aberastasunaren banaketa, desazkundea, nazioarteko elkartasuna, kulturartekotasuna, genero arteko berdintasuna eta eskubide sozialak bultzatzen dituen gizartea. Militarismoaren, xenofobiaren, LGTBIQfobiaren, globalizazio neoliberalaren, pribatizazioen, inperialismoaren eta gizarte eskubideen murrizketen kontra ere egiten dugu. Eta azkenik, euskara, feminismoa eta ekosozialismoa dira eraldaketarako ardatzak.  

Zein da Steilasek proposatzen duen hezkuntza eredua? 

Steilasen Euskal Eskola Publikoa defendatzen dugu. Pertsonen garapen integrala eta kritikoa bermatuko dituen hezkuntza sistema, baita gizarte kohesioa, euskalduntzea, hezkidetza, kalitatea, bakea eta elkarbizitza bermatuko dituena ere. Eskola inklusiboa, laikoa, parte hartzailea eta demokratikoki kudeatuko dena da gure eredua.

«Harritua nago dena atzeratzeko duten gaitasunarekin»

Negoziatzeko erresistentzia leporatu izan diozue Hezkuntza Departamentuari... 

Hala da. Denbora daramagu lau aldarrikapen nagusirekin: ratioen jaitsiera, irakasleok dugun gainzama murriztea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta interinitate tasa minimora jaistea. Iaz kontu honekin bi greba deialdi izan ziren. Departamentuak, berriz, badirudi ez dituela aldarrikapen horiek aditu nahi. Oso tarteka deitzen digute Negoziatzeko Mahai Sektorialetara eta bertan elkartzen gara hezkuntza publikoan dihardugun sindikatu guztiak. Ikasturte hau ere deus lortu gabe bukatzera doa. Apirilean eta maiatzean, lantalde batzuetan gai batzuk lantzen hasi gara, baina lehen ere aritu izan dira horrelako lantaldeetan eta ongi dakigu negoziazioak luzatzeko eta denbora galtzeko estrategia dela. Ni hasiberria naiz eta harritua nago dena atzeratzeko eta luzatzeko duten gaitasunarekin. Badirudi haien etsaiak garela eta berez, hezkuntza sistemaren kalitatearen alde aritu beharko genuke elkarlanean, helburu berdinekin. Beti arazo berarekin egiten dugu topo: ekonomia. Zergatik ez dute hezkuntzan inbertitu nahi?

Mobilizazioak iragarri dituzue... 

Bai, ikasturte honek ere eskuetatik alde egin digu eta datorren ikasturterako ez dugu aldaketarik aurreikusten. Ikastetxeetan asanbladak egiten ari gara eta irakasleak oso haserre daude. Ratioak oso altuak dira, dokumentazioak betetzen orduak pasatzen dituzte, formakuntzak, bilerak, familiak, ebaluazioak, eta aurten, gainera, oposizioak. Gainezka daude eta ikasleei ematen dieten zuzeneko eta, batez ere, kalitatezko arreta geroz eta eskasagoa da. Ikasleen aniztasuna ere nabarmen handitu da, eta horri erantzuteko baliabideak falta dira. Horren aurrean, ikasturte amaiera hau berotzen joanen gara maiatzean eta ekainean hainbat mobilizazio eginez. 

Hezkuntzako sindikatuek hainbat mobilizazio iragarri dituzte. Irudia bizikleta martxa aurkeztu zutenekoa da. Tartean da Apezetxea.

Hobekuntzarik ez bada, heldu den ikasturte hasiera ez dela ohikoa izanen esan duzue. Zer asmo dituzue? 

Hori da. Ez badugu deus lortzen, datorren ikasturte hasiera ez da espero bezalakoa izanen. Irakasleek ere argi utzi digute egun bateko grebak ez direla eraginkorrak eta egun batzuetako grebak deitzea da asmoa. Sistema hankaz goiti jarri nahi dugu. Nekatuta gaude ikusezinak izateaz, irakasleen lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da kalitatezko zerbitzua eman nahi bada. Horrek lehentasuna izan behar luke, ikasleak baitira gure etorkizuna. 

«Ongi dakigu mugitu gabe ez dugula deus lortuko»

Mobilizazio horiekin zer erantzun espero duzue Hezkuntza Departamentuaren aldetik? 

Galdera ona. Hemen ikusiko dugu gobernuak hezkuntzari ematen dion garrantzia zenbaterainokoa den. Ez zaie komunikabideetan haien aurkako berriak ateratzea gustatzen eta ongi dakigu mugitu gabe ez dugula deus lortuko. Irakasleok eta sindikatuok mugimenduak egiten ditugunean edo agerian uzten ditugunean deitzen digute negoziatzera. Baina negoziazio mahai horietan deus gutxi aldatzen denez, espero dugu sistema hankaz goiti jarrita zerbait eginen dela. Gobernuari sustengua ematen dioten parlamentuko talde guztiekin bildu gara eta arrazoia eman digute. Aldiz, gure aldarrikapenen aldekotasuna ez da islatzen Nafarroako aurrekontuetan. Espero dugu hitzetatik ekintzetara pasatzea, hau da, 2025eko aurrekontuetan irakasleon lan baldintzak hobetzeko nahia diru partidetan zehaztea. 

Irakasleak inplikatuak daude? 

Bai, arrunt. Eskolaz eskola gabiltza haiekin elkartu eta iritziak biltzen. Guztiek ikusten dituzte euren buruak eta lankideak gainezka, geroz eta antsietate arazo handiagoekin. Gehiagora joan eta dena lehertu aurretik zerbait egiteko beharra argia da. Mobilizazio dinamika hau ere irakasleengandik sortua da, ideiak eskoletan jaso baititugu. 

«Lehertu aurretik zerbait egiteko beharra argia da»

Zer mezu zabalduko zenieke hezkuntza publikoko profesionalei? 

Mobilizazioei adi egon eta hauekin bat egiteko esanen nieke, guztion indarrarekin zerbait egin dezakegulako. Hezkuntza sistema publikoan sinesten dugunak borrokatzen ez bagara, inork ez du guregatik eginen. Eta batez ere, oso ongi ari direla esanen nieke. Eskola batzuetan dituzten egoerak ikusita, txapeldun batzuk dira eta zorionak egiten duzuen lanagatik.  

Zer etorkizun ikusten diozu hezkuntza sistema publikoari? 

Hezkuntza sistema publikoak, gainontzeko zerbitzu publikoekin batera, bermatzen du gizarte osoaren kohesioa. Hortaz, ezinbestekoa da erdigunean jartzea. Urrutira joan gabe, EAEko azken hauteskundeetan argi ikusi dugu ez dela politikarien kanpainetan hezkuntzarekiko interesik izan, eta hor arazo larria dugu. Osasun publikoa defendatzen dute eta ez dago zalantzarik, baina nork defendatzen du euskal hezkuntza publikoa? Gaia erdigunean jartzea ezinbestekoa da hezkuntza sistema publikoak etorkizun osasuntsua izan dezan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun