Eztabaida handia sortua du eskolako jardunaldi motak arautzen dituen azaroaren 9ko 106/2023 Foru Aginduak. Aginduak jardunaldi zatitua ezartzea agindu zuen eta bertzelako jardunaldia nahi izan duten ikastetxeetan botazio prozesu bat egin behar izan dute. Prozesu hori da, hain zuzen, hautsak harrotu dituena. Izan ere, ikastetxe batzuetan familia gehienek jarraituaren aldeko botoa eman zuten, baina legeak exijitutako % 60ra ailegatu ez zirenez, ondoko lau ikasturteetan jardunaldi zatitua izanen dute.
Eskualdean Amaiurko, Etxalarko eta Lesakako eskolei eragin die bete-betean. Guztietan familien gehiengoak jarraitua nahi izan du, baina ez dira % 60ra ailegatu. Amaiurko eskolan, % 59,09 jarraituaren alde agertu ziren, ia-ia % 60, baina aldaketarako nahikoa ez. Hala, boto bakarragatik zatitua izanen dute. Etxalarko Landagain eskolan, boto emaileen artean, % 65ek jarraituaren alde egin zuten, baina errolda kontuan hartzen zenez eta zazpi boto eman gabe gelditu zirenez, portzentajea % 58ra jaitsi zen, eta lau ikasturteren ondotik, zatitura bueltatzera behartuak izanen dira, bi botorengatik. Lesakako Irain eskolan ere familia gehienak jarraituaren aldekoak ziren; ez, ordea, aldaketa egiteko nahikoak. Erroldatuen % 53,4k jarraitua nahi izan zuen, baina zatitura pasatu beharko dute.
Eskolako jardunaldi mota aukeratzerakoan, gehiengoaren nahia errespetatzea eskatzen dute familiek, eta hainbat ate jo dituzte dagoeneko. Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiekin ere bildu dira eta horren ondotik etorri da gaurko lan saioan parte hartzeko aukera. Saioa 15:15ean hasiko da eta Nafarroako Parlamentuaren web orriaren bitartez zuzenean segitzen ahal izanen da.
Arartekoaren atea ere jo dute eta honek ere azaroaren 9ko 106/2023ko Foru Agindua aldatzea iradoki du.