Kaparren ziztadek eragindako gaixotasun kasuak bikoiztu egin dira azkeneko hiru urteotan Nafarroan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 9a, 12:00

Kaparren bidez transmititutako gaixotasun kasuak bikoiztu egin dira hiru urtetan. Iaz 75 kasu erregistratu zituzten Nafarroako Osasunbidean. Zehazki, Mediterraneoko sukar exantematikoaren 16 kasu erregistratu zituzten iaz (gaixotasun arina da baina konplikatu daitekeena) eta LYME gaixotasunaren 59 kasu (gorriuneak eta sukarra eragin ditzakeen bakterio infekzioa) batzuetan artikulazioetan, nerbioetan edo bihotzean arazo larriagoak eragin ditzakeena.

Iaz Nafarroan erregistratutako 75 kasu horiek, pandemia aitzinetik baino % 150 gehiago dira; izan ere, 2019an 30 kasu izan ziren: 13 sukar exantematikoagatik eta 17 Lyme gaixotasunagatik. 2020an 30 kasu izan ziren, eta 2021ean gorakada handia izan zen, 52 kasurekin; eta 2022an 47 izan ziren.

Kaparraren ziztadak agian ez du ondorio handiagorik izanen, baina, batzuetan, gaixotasunak transmititzen dituzte. Izan ere, azken urtean hamar pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Lyme gaixotasunagatik. Osasunbidearen arabera, gaixotasun horien gorakada hobekuntza diagnostikoaren ondorio izan daiteke, baina, era berean, populazioa ingurune naturaletara gehiago ateratzen delako eta klimaren aldaketak kaparren ugaritzea errazten duelako ere izan daiteke.

Kaparrek odola zurrupatzen dute ziztatzen dutenean, eta mendiko larreetan, arboletan edo zuhaixketan egoten dira. Ziztadaren ondotik, garrantzitsua da pintza batzuekin burua ongi ateratzea, larruazalaren barnean deus utzi gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun