Lehen baino kapar gehiago dago gure mendietan, urtetik urtera negu motzagoak eta epelagoak direlako

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 24a, 12:30

Kapar helduek 1 eta 12 milimetro artean neurtzen dute (arrek emeen herena egiten dute). Lodiago bihurtzen dira txupatzen duten odolez beteta daudenean.

Dermacentor marginatus latinez, Euskal Herrian kapar, gapar, lakasta, lakain, akain, artapo… deitzen zaio, tokiaren arabera (ikusi beherago izenen mapa). Zientzialariek diotenez, klimaren aldaketak laguntzen du parasito hauen ugalketa Euskal Herriko mendietan eta, horren ondorioz, azken urteotan esponentzialki handitu da kaparrengatik sortzen ari diren arazoak eta gaixotasunak aziendetan eta gizakietan.

Euskal Herrian neguak motzagoak eta epelagoak dira orain eta, hartara, berriki arte iberiar penintsularen hegoaldean ugaria zena, orain iparralderago ari dira ugaltzen eta, aldi berean, hegoaldean desagertzen. Aktiboagoak dira hilabete beroetan (apiriletik irailera), nahiz eta kaparrak biltzeko arriskua urte osoan egon.

Kaparrak mendiko landareen artean bizi dira eta ondotik pasatzen den animaliaren edo gizakiaren gorputzera salto egiten dute. Ezaugarri bereziak dituen egitura sentsorial baten bidez detektatzen dute animalia edo gizaki bat hurbiletik pasatzen ari dela. Hallerren organoa izena duen egitura sentsorial hori lehen hanka-parean daukate. Ninfak eta helduak bakarrik dituzte lau hanka-pare, larbak ez. Urte batzuk egon daitezke presa baten esperoan.

Gero eta gehiago, baserritarren eta albaiteroen kezka-iturri bihurtzen ari dira, batez ere behi, zaldi, ardi, txerri eta hegazti-ustiategietan. Eskala ttikiagoan bada ere, zakur eta katuen osasuna ere kaltetzen dute.

Lyme gaixotasuna kaparrek kutsatzen dute

Europan, kausak ezagutu baino urte anitz lehenago, XX. mendearen hasieratik ezagunak ziren, gaixotasun honen agerpen klinikoak. Hala ere, gaitz honi Lyme gaixotasunaren izena AEBetako Connecticut estatuko Lyme herriari zor zaio. Izan ere, 1975ean Lyme herriko umeen artean artritis-epidemia gertatu zen. Ikerlariek kaparrek eragindako infekzioa izan zitekeela ondorioztatu zuten eta 1982an kaparretan mikroorganismo bat aurkitu zuten; Borrelia burgdorferi izenez bataiatu zuten bakterio hori, aurkikuntzan parte hartu zuen Willy Burgdorfer doktorearen omenez. Gero, gaixotasunak jotako gaixoek mikroorganismo horren aurkako antigorputzak zituztela frogatu zuten eta horiek gaixo batzuen odol eta likido zefalorrakideotik isolatu ahal izan zituzten, gaixotasunaren kausa zirela frogatuz. 

Kaparrak direla eta, hona hemen hainbat aholku arazorik ez izateko

Farmazietan badaude kaparrak uxatzeko produktuak. Arriskuak saihesteko, komeni da arropa eta ekipoak % 0,5 permetrina duten produktuekin tratatzea. Permetrina mendiko oinekoetan, arropetan eta kanpaleku-ekipoetan erabil daiteke, eta sortzen duen babesak irauten du garbiketa bat baino gehiago. Hala ere:

1. Mendian ibiltzerakoan ahalik eta larruazal guttiena utzi agerian.

2. Mendian, ahal dela, ibilbide garbietan barrena ibili.

3. Ahal bada, autoan sartu baino lehen arropaz aldatu eta etxera ailegatzean begiratu ea kaparren bat itsatsi zaigun gorputzera.

4. Gorputzean kaparren bat balego, kentzerakoan kasu eman ez duzula kaparraren burua larruazalean sartuta uzten. Kendu ondotik, garbitu ongi alkoholarekin.

5. Egunak pasa ahala gaixorik sentitzen bazara eta/edo larruazalean horrelako orbanak agertzen badira, joan osasun zentrora.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun