Baztan-Bidasoa Aktibazio Plana

«Elkarlanak prestatuko du Baztan-Bidasoa etorkizuneko erronkei aurre egiteko»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 2a, 12:00

Iñigo Doria Bajo berrikuntzako ekosistemetan espezializatutako aholkulariak gidatuko du prozesua.

Iñigo DORIA BAJO, berrikuntzako ekosistemetan espezializatutako aholkularia.

CEDERNA GARALUR Elkarteak Baztan-Bidasoko Aktibazio Planaren zirriborroa prestatzeko hausnarketa estrategikoko prozesua gidatuko du Iñigo Doriak.

Baztan-Bidasoak bere etorkizunari buruzko hausnarketa estrategikoko prozesu bati ekinen dio. Zein da zure kualifikazioa proiektu honi ekiteko?

Hasieratik nire ibilbide profesionala Baztan-Bidasoari lotuta egon da. Lehenik, Nafarroako Gobernuko teknikari gisa, eskualde horretako 25 udalak batzeko eginkizunarekin, garai hartan Leitzaran ere barne hartzen baitzuen; gero, Mattari Alzuarte eta Mitxel Ibarrolarekin batera, BKZ eratu nuen; gero, oposizio bat irabazi nuen negozio-turismoa Foru Erkidego osora hedatzen zuen Nafarroako Kongresu Jauregiaren eta Auditorioaren proiektua zuzentzeko; hortik, proiektuen kudeatzaile gisa sartu nintzen IV. Belaunaldiko turismoan espezializatutako THR multinazionalean, ondotik, MIK Berrikuntza Zentroarekin lankidetzan aritzeko, Mondragon Unibertsitateko Bidasoko campusean, non hainbat kluster aktibatzeko aukera izan nuen, hala nola Nafarroako Nekazaritzako Elikagaiak. Lanpostu horietan guztietan, berrikuntzako ekosistemak diseinatzen eta aktibatzen lan egin dut, eragile desberdinen arteko lankidetzaren bidez.

Baztan-Bidasoko prozesu estrategikoan, zer izanen da berrikuntza?

Baztan-Bidasoan plangintza estrategikoa egiteko sistema berri bat esperimentatuko dugu, kualitatiboa eta kuantitatiboa uztartuko dituena. 0 fasean, parte har dezaketen agenteen prospekzioa egin genuen joan den agintaldian, Nafarroako Gobernuaren enkarguz. Hortik atera genituen Eskualdea Aktibatzeko Planaren lehen zirriborroa egiteko oinarriak, eta fase horri ekinen diogu orain. Lehen zirriborroa aurrez hautatutako eragileek aztertuko dute, bigarren zirriborroa berriz egiteko. Bigarren zirriborro hori Baztan-Bidasoko biztanleek aztertu beharko dute, parte hartzeko plataforma telematiko baten bidez. Plataforma horren bidez, edonork bere iritziak eta proposamenak eman ahal izanen ditu, bai eta Plan osoa eta proposamenak bozketa birtualeko sistema baten bidez baloratu ere.

«Prozesuan parte hartzeko prestatuko den plataforma telematiko baten bidez, edonork bere iritziak eta proposamenak eman ahal izanen ditu»

Iñigo DORIA BAJO

Berrikuntza orok bere arriskuak ditu; beraz, zeintzuk izanen dira prozesu berri honetan arrakasta izateko funtsezko faktoreak?

Egia da berrikuntza orok porroterako arriskua duela. Hala ere, egia da arriskatzen ez duenak ez duela aurrera egiten. Alde horretatik, arrakasta izateko oinarrizko lehen faktorea autokonfiantza da, hau da, prozesuan parte hartuko dutenek erronkei aurre egiteko eta besteekin lankidetzan aritzeko beren gaitasunetan izan behar duten konfiantza. Faktore horrek beste faktore garrantzitsu batekin ere badu zerikusia, hau da, gure komunitateak dituen behar kolektiboei gure komunitatea osatzen duten guztien arteko lankidetza-konpromisoarekin erantzungo zaiela dioen sentimendu partekatuarekin du zerikusia.

Prozesua zabalik dago eta ideiak edo proposamenak aurkeztu nahi dituztenek helbide honetara jo dezake:
aktibazioplana@baztanbidasoa.org
Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun