Zer lortu nahi du Cederna Garalur elkarteak ekimen honekin?
Munduan aldaketa aunitz gertatzen ari dira, eta aldaketa horiek, berandu baino lehen eragina izanen dute gure herrien etorkizuneko garapenean. Enplegua, etxebizitza, hezkuntza edo osasuna bezalako gai garrantzitsuak, datozen aldaketen arabera birdefinitu beharko dira. Erronka horren aitzinean, ezartzen dizkiguten ereduetara egokitu behar dugu, edo bertzenaz, geure eredua definitzeko ahalegin kolektiboa egin. Horiek horrela, hausnarketa estrategikoko prozesu bat egitea da Cederna Garalur elkartearen apustua, prozesuan parte hartzen duten erakunde guztien artean adostutako ekintzara igaro ahal izateko. Aurreko agintaldian hasi zen prozesua da, eta hauteskundeen ondorioz gelditu egin zen. Orain, lehendik egondako pertsona batzuekin hasiko dira berriz lanean, eta bertze batzuk, aldiz, agintaldi berrikoak izanen dira.
«Enplegua, etxebizitza, hezkuntza edo osasuna bezalako gai garrantzitsuak, datozen aldaketen arabera birdefinitu beharko dira»
Arantxa ARREGI ALBERRO
Nola pentsatu duzue prozesu estrategiko hori egitea?
Prozesua hasteko, Eskualdea Aktibatzeko Planaren zirriborro bat idatziko da, aurreko agintaldian egindako prospekzio-fase batean lortutako emaitzetan oinarrituta. Zirriborroa eztabaida mahai batzuetan aztertuko da eta, ondotik, eskualdeko biztanleek aztertuko dute. Prozesuak izaera berritzailea du eta bi aldeak, kualitatiboa eta kuantitatiboa, uztartzen ditu.
Nork eginen du planaren zirriborroa eta nola finantzatuko da?
Cederna Garalur elkarteak Iñigo Doria berrikuntzako ekosistemetan espezializatutako aholkularia kontratatu du plana egiteko. Doriak esperientzia du gisa horretako prozesuetan eta balio erantsia ematen dio prozesuari, aurreko agintaldian hasi zelako eta eskualdea ezagutzen zuelako. Plana egitea Nafarroako Gobernuak finantzatzen du, Industria Departamentuaren eta Trantsizio Ekologiko eta Digital Enpresarialaren bitartez, lurraldearen garapena eta kohesioa sustatzea helburu duten eskualde-aktibazioko planak egiteko eta gauzatzeko laguntzen urteko deialdiaren bidez.
Zer emaitza espero dituzue prozesu hau aktibatzean?
Lehenik eta behin, eskualdearen etorkizunaren ikuspegi partekatua eta adostua lortu nahi genuke, parte-hartze publiko eta pribatuko berrikuntzaren bidez. Era berean, erakunde bat edo lan egiteko modu bat sortzea, eskualdeari egonkortasuna eta aurrerapena emateko, bai proiektuetan, bai gobernantzan. Eskualdeko garapen sozioekonomikoaren prozesuan tokiko gobernantza aldia baino ikuspegi zabalagoa izatea, epe labur, ertain eta luzerako dinamikak izanen dituen prozesu baten bidez, emaitza ezin izanen baita epe laburrean neurtu.