Gaztetxoenen artean telefono mugikorra mugatzea nahitaezkoa dela dio Irachek

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 30a, 11:00

Argazkia: Freepik.

Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak jakinarazi duenez, adin ttikikoen artean mugikorraren erabilera mugatzeko eta erabilera egokia egiteko kanpaina hasiko du. Irachek eskatuta CIES etxeak egindako inkestaren arabera, «gurasoen % 39k onartu dute seme-alabek mugikorrean, tabletan edo Internet bidez ikusten dutena ez dutela kontrolatzen».

«Nafarroako gurasoen % 39k onartu dute seme-alabek mugikorrean, tabletan edo Internet bidez ikusten dutena ez dutela kontrolatzen»

IRACHE kontsumitzaileen elkartea

Horrekin batera, haurrek gero eta goizago hartzen dituzte mugikorrak. Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, hamar urte edo guttiago dituzten haurren % 21ek mugikorra dute, eta 12 urte dituztenen artean portzentajea % 75ekoa da. 15 urterekin % 95ek dute mugikorra. Iracheren hitzetan, «seme-alabak DBHko 1. mailara pasatzen direnean familiek mugikorra ematea ohiko bihurtu da, 12 urterekin».

Hala ere, mugikorra gero eta beranduago emateko iniziatibak gero eta gehiago direla dio Irachek: «Gisa horretara, gelan edo ikastetxean ahalik eta ikasle gehienek mugikorrik ez izatea lortzen dute, eta haurrek ez dute erosteko presio sozialik sentitzen». Erosketa gibelatzeaz gain, «gurasoek eta seme-alabek erabilera arduratsua egiteko jarduerak eta formazioak ugaritzen ari dira».

Irachek oroitarazi duenez, hainbat izan dira adin ttikikoek Internetera duten sarbidea arautzeko beharra aipatu duten adituak. «Mar España Datuak Babesteko Espainiako Agentziako zuzendariaren arabera, Interneten erabilera desegokiak eta gehiegi erabiltzeak adin ttikikoen nortasunaren garapenean hagitz ondorio larriak izaten ditu, bertzeak bertze, adikzio, sexting edo ciberbullyng kasuak».

Kontsumitzaileen elkarteak adierazi duenez, «adituen artean, batzuk adin ttikikoek mugikorra gehiegi eta gaizki erabiltzen dutela uste dute, badira neurri arautzaile zorrotzak eskatzen dituztenak, eta bertze batzuek neurri zehatzik gabe heziketa egokiaz solas egiten dute».

Nafarroan ikastetxe bakoitzaren esku

«Nafarroan ez dago ikastetxeetan telefono mugikorren erabilera arautzen duen arau zehatzik». Hala dio Irachek, eta beraz, «ikastetxe bakoitzaren esku dago. Batzuk eramatea debekatu dute, bertze batzuetan eraman bai baina erabiltzea debekatu dute eta bertze batzuek ez dute arautu». Dena den, «Frantzian, Italian, Grezian, Herbehereetan edo Australian ikastetxeetan mugikorren erabilera arautzeko legeak onartu dituzte».

Aholkuak

Egoera ikusita, Irachek adin ttikikoen artean mugikorraren erabileraz sentsibilizatzeko kanpaina hasiko du. Eta horrekin batera, datuen babeserako agentziek eta Unicefek emandako gomendioak ere nabarmendu nahi izan ditu:

  • Mugikorraren etorrera etxean planifikatzea.
  • Arauak eta mugak gainbegiratzea eta paratzea
  • Sare sozialetan ematen diren datuak zaintzea.
  • Gustuko dituzten bideo jokoez arduratzea.
  • Norekin solas egiten duen jakitea.
  • Bere zentzu kritikoa sustatzea.
  • Laguntzeko prest egotea.
  • Gurasook seme-alaben jarrerei erantzuten dietela jakitea.
  • Deskonexio lekua bermatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun